Angel Erro.
JIRA

Zentsuratuak

2022ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Hans-Joerg Neuschaefer ikerle eta erdaltzain urgazle alemanak frankismopeko zentsurari buruzko bere saiakeran dio atzerriko filmen bikoizketa izan zela Espainiako zentsuraren jomuga nagusietako bat. Jatorrizkoa guztiz ulergaitz bihurtzerainoko aldaketak egiten zizkieten maiz («batez ere joera demokratikokoak eta eskandaluzko moralekoak»). Adibide ezagunena John Ford-en Mogambo-rena da. Bertan Grace Kelly (hark antzezten duen pertsonaia) eta filmeko bere senarra anai-arreba bihurtzen ditu, irudietan logela konpartitzen duten arren, lehenak Clark Gablerekin duen afera adulteriozkoa izan ez zedin, intzestua egon zitekeela iradoki balezake ere. Roman Gubern irakasle eta kritikariaren ustez «horrek frogatzen zuen zentsoreentzat adulterioaren tabua hain zela premiazkoa intzestuarena bigarren mailara zokoratzen baitzuen; Freudek ondorio probetxugarriak aterako zituen hortik».

Psikoanalisiarentzako alor emankorra da zentsura, dudarik ez. Espainiako bikoizketan Nicolas Cageren azken filmarekin zer egin duten ere (Kataluniako presidentearen alaba mexikar presidentegaiarena bihurtzea) diban batean etzanarazteko modukoa da. Nago neurosi histerikotzat joko lukeela Freudek espainolezko mekanismo errepresiogile hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.