Angel Erro.
JIRA

Euskaldun sentitu

2019ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Xabier Payak asteartean bertso-aita izandakoari (Jon Lopategiri, ondorioztatu dut) egin dion omenalditik arreta eman dit Jon maisu zaharrak irakatsitakoak: bertsolari batek jakin behar duela dantzan, panderoa jotzen, musean eta pilotan. Payak gehitu du: «Euskaldun sentitzeko bidea erakutsi zidan, euskaldun izatea abizen eta jatorri kontua zela sinestear nengoen garaian». Manu Bendalak ere atzo BERRIA-n: «[Bertsotan] sentitzen naiz euskaldun peto-petoa».

Krisia eragin dit. Pilotan, musean eta panderoa jotzen ez dakien bat, dantzan ere edo, zer esanik ez, bertsotan ez dakiena (ni, esaterako) zerk sentiarazten ahal duen euskaldun pentsarazita. Erantzun errazena ez da ikusgarriegia. Jarraian neure buruari galdetu diot zerk sentiarazten nauen gay; eta, Raffaella Carraren zalea banaiz ere, gizonekiko erakarpen sexuala baino ezinen nuke erantzun. Zerk sentiarazten nauen poeta; eta bihozbera eta sentibera banaiz ere (edo aukeran ardantzalea eta nahigabetua), idatzi ditudan olerkiak baino ez zaizkit burura etortzen.

Hotzean pentsatuta errua nirea izan daiteke, berez naizena eta zer sentitzen naizen bereizten ez dakidalako edo (sakonagoan) ni naizena sentitzen lagundu nauen inor ez nuelako izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.