Angel Erro.
JIRA

Gerratik itzulitakoan

2021eko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Gerretan gudariengandik ezkutatu ohi zituzten neska eta andreak etorri ahal zitzaienaren beldur. Kirola gerraren ordezkotzat definitu izan da inoiz. Garai batean, kirolaren eta bereziki futbolaren defentsan, maiz entzuten zen gizartearen funtzionamenduarentzat onuragarria zela, testosterona husteko balio zuelako, halako ihesbidea izanik, presio eltze baten balbularekin parekagarria. Alegia, futbolaren bidez kanporatutako indarkeria beste inon baino hobeki bideratuta dagoela hor. Baina ez da hor gelditzen. Iraultzari ekitea saihets dezake futboleko testosteronaldiak, baina ez emakumeen (eta baita minorien) kontrako bortxakeria.

Erresuma Batuko Etxe barruko Indarkeriaren kontrako Erakundeak dio Ingalaterrako futbol selekzioak jokatzen duenean indarkeria horren gorakada %26koa dela, eta %38koa Ingalaterrak galtzen badu. Igandean galdu egin zuen, eta babeslekuak eskaintzen hasi zitzaizkien sare sozialetan bere burua arriskuan ikusten zuten emakumeei. Inoiz ez dut hain argi ikusi kirola eta gerraren arteko konparazio zaharra. Arraza gutxiengoek ere kontatu dute partidua amaitu eta kaletik desagertzea hobetsi dutela halako etxeratze-agindu tazitu batean, ez topatzeko badaezpada gerratik itzulitakoekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.