Angel Erro.
JIRA

Zer murru?

2021eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Aitortzen dut oso gutxira arte ez dudala Éric Zemmourren berri izan (zorionekoa ni, edo ezjakina, biak gauza bera ez badira). Hutsa konpontzen saiatu nintzen, ezker akratatik beste bandoko nazionalistekin bat etorri omen den Michel Onfray filosofoarekin batera Zemmourrek izandako eztabaidaren bideoa ikusita, baina hor ere aitortu behar dut berehala aspertu eta interesa galdu nuela. Kezka galdu ez, baizik eta areagotu egin zait boto asmoan Marine Le Penen beraren alderdia gainditu duela jakitean. Asko dira, izan ere, Frantziako lehendakaritzarako hauteskundeetako bigarren itzulian Emmanuel Macronekin lehiatuko dela uste dutenak.

Hirugarren aitorpena: oso harrigarria zait duela ehun bat urte Frantzian bertan karikaturizatutako eta gero jazarritako judu gaiztoen ezaugarri fisiko ia guztiak dituen norbait orain beste arrazismo baten liderra izatea. Tira, hain harrigarria ere ez. Zer ez dugu ikusiko?

Egunotan ikusi dugu belodun andre batekin kalean izan duen talka dialektikoa, Drancyn (kontzentrazio esparrua egondako herrian), beloa, nahita ez, behartuta ote daraman. Emakumeak kendu du aukeratu duela frogatzeko, horrekin konbentzitu ahal balitu bezala aurreiritziak lege izan eta inposatu nahi dituztenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.