Angel Erro.
JIRA

Kirol jertsea

2021eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Kirol jertse edo izerditzeko bat dut, kaputxaduna, kanguru poltsikoa duena, sabelaren parean eskuak biltzen uzten dizun horietakoa, itsas urdin kolorekoa; zoritxarrez ingelesezko hitz batzuk ditu paparraren gainean. Ez naiz ingelesezkoak izateaz arranguratzen, esanahia edukitzeaz baizik. Goiz ala beranduago norbaitek galdetu ohi dit, ez zer esan nahi duten (lan eta trebetasuna gisako zerbait), baizik eta zer ote diren. Orduan, aitortzen dut kirol jertse edo izerditzekoa nondik atera dudan, ez baitzen sinesgarria izanen ikurritz horrekin identifika naitekeenik (aurretik «blow» bat brodatuko ez banio behintzat).

Zabor edukiontzi baten gainetik hartu nuen. Horrek solaskidea baino gehiago gogaitzen nau ni. Cultural appropiation delakoa egiten ari natzaie benetako pobreei? Gainera, paparreko hitzak googleatu eta Madrilgo pijo batzuek sortutako enpresa baten izena dela deskubritu dut. Esplotazioari publizitatea egiten ari natzaiolako irudipena nahasten zait jertsea inoiz eramanen zuen balizko langilearekiko elkartasun lausoarekin. Kontraesanez janzten naiz, kapitalismoaren makineriari kalte handiena nola egiten ari natzaion asmatu gabe: hura jantzita (etxeko beroena da, barrukoa felpazkoa du) edo botata.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.