Angel Erro.
JIRA

Ohe txikiak

2022ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Orain gutxi atera den notizia bitxi horietako batek jakinarazi digu Erdi Aroko gerra-zaldiek gaurko pony edo pottoken neurria zutela. Gorka Bereziartuak esan bezala, horrek iraganaren epikari gehiegi laguntzen ez dion arren, susmatzeko kontua zen, museoetan ikusten ditugun orduko gerlarien armaduren tamaina txikia aintzat hartuta. Ez dugu Erdi Arora joan beharrik. Rikardo Arregi Diaz de Herediak Museo erromantikoak poeman: «Gauzen txikiak harritzen nau beti. Idazleak ibili zuen luma txikia da benetan, tabakorako kutxak ñimiñoak. Guraize horiek hain dira txikiak non zaila baita eskuak lanean hor irudikatzea. Ezpata horiek ere ez al dira txikiegiak? Uniforme horiek, urreztadurez beteta, txikiak, botoiak eta galoiak, txikiak. Eta botak? Gerrak ez ziren jolasak baina barrez lehertu naiz gogotik».

Poeman eta pottoketan pentsatu dut telebista saio batean hasi direnean bakoitzak lo nola egiten duen. Batek, aitortu du, bere senarrarekin, pijaman, 150 zentimetroko ohean. Irri egin diote besteek. Gehienek 2x2 metroko ohea dute, eta biluzik egiten omen dute lo. «Hain txikia? Eta pijaman? Ez duzue berogailurik?». Ohegintzan azken urteotan egon den hazkuntza orokortuak epikarik gabe utzi ditu guretako askoren gauak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.