Angel Erro.
JIRA

Erdaldunak euskaraz

2023ko uztailaren 8a
00:00
Entzun

Auzitegi Konstituzionalak udalek euskara hutsez jarduteko aukera ezeztatu egin duela jakin eta entzun dudan lehen gauza zera izan da: bere burua euskaltzaletzat duen erdaldun bati epaiari hain gaizki ez zeritzola. Harridurak nigan gor efektuak sortzen dituenez, ez dakit seguru nola jarraitu duen argudiatzen. Baina demagun, gutxi gorabehera, esan duela Euskal Herria guztiz burujabea izan eta herritar guztiak euskaldundu ahal izan arte, horrelako neurriak, udal baten barne funtzionamendua euskaraz izatea, alegia, gehiegizkoak direla. Deskonektatu dut guztiz. Nekagarria da erdaldun elebakarrek (kasurik onenean) elebiduntasunaren defendatzailerik sutsuenen moduan beren burua agertzeko joera hori.

 

Gai honi beste hamaika modutara lotu ahal nintzaion, eta ez erdaldun baten iritzi ez-kualifikatutik abiatuta, hark ez baitu, esan gabe doa, lege horrek zer dioen ez irakurri, ez, Konstituzionalaren ezeztapena iritsi den arte, urrutitik entzun ere. Baina azken finean ez da hori bera, ez da erdalsplaining horixe euskaldunok behin eta berriz jasan behar dugun zerbait, Auzitegi Konstituzionalaren epai horretatik beretik hasita? «Oreka linguistikoa» gordetzearen alde egin omen dute, desorekatik mintzo zaizkigunek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.