Angel Erro.
JIRA

Txakurra ganbelan

2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Batek esanen luke norbaitek bere burua erantzukizunezko lan batera aurkezten badu hori egiteko gai eta gogoz dagoela. Ez du hala egin Maite Esporrin zinegotzi sozialistak, Iruñerriko Mankomunitateko presidente izateko aurkeztu duenean bere hautagaitza. Uste dut Esoporena dela alegia: zakur bat zaunka hasten zaio ganbelako belarra jatera hurbiltzen den idiari; hau, alegietan ohi denez, mintzo zaio hitzez, inbidia aurpegiratzen diola, berak jan ezin duena besteei jaten ez uzteagatik.

Esporrinek postu instituzional hori benetan nahiko balu, negozia zezakeen, esaterako, Iruñean orain dagoen alkatea kendu eta Asiron atzera jarrita ordainean. Ez badu egiten, badaki Udalean gertatu bezalaxe gertatuko dela seguruenik Mankomunitatean ere. Eta pentsatzekoa izan daiteke hala nahi duela, nahiz eta gero, erakundearen eguneroko martxan, beti edo ia beti oposizioko beste alderdiekin bat egin eta Navarra Sumaren gutxiengoa begien bistara ekarri. Egunero notizia izaten da Maiari eskatu diotela zerbaitetan atzera ez egiteko, baina udalak ezin dira oposiziotik gobernatu. Susmatu beharko dugu Na+ behar-behar dutela sozialistek gainerako erakundeetan buru, turnismo berria eraikitzeko, simultanismotik hasita bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.