Angel Erro.
JIRA

Gehi denbora

2018ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Afalondo ederrean batek aipatu du, irri egitea zertaz den zilegi eta zertaz agian ez hainbeste hizpide hartu duenean solasak, Woody Allen-en esaldi ezaguna: «Komedia, tragedia gehi denbora baino ez da». Beste afaltiar batek zuzendu dio, hitz jokoa eginez gaztelaniaz: «Tragedia gehi denbora bazkaria da, Andeetan galdutako errugbi talde batekoa baldin bazara». Ateraldi umoretsuak besteok adoretu gaitu Allenen esaldiaren parafrasi berriak sortzera,txandaka, gauaren laburgarri.

Erronda pare baten ostean («komedia gehi denbora berdin gaitzidura», «ama da aita ken denbora», «zientzia fikzioa plus denbora, errealitatea»...), definizio batek giroa gaiztotu du, jolasa utzi eta argudioan hasteraino. Batek bota du EAJ gehi denbora ezker abertzalea dela. Esan bezala, horrek eztabaida piztu du ezker abertzalekoen eta ezker abertzalekoak izateko denbora oraindik konplitu gabeen artean. «Zer esaten didazue 60ko hamarkadakoaz, Monzonez edo Ibarretxez edo Garaikoetxeaz, bakoitzak bide luzea behar izan badu ere edo oraindik bidea guztiz betetzear badago ere? Agirre lehendakariaren gurtzaz?», «Hoa pikutara, hik eman adibide bakoitzeko, hamaika zaudek kontrakoarena». Zain nago liskarra + denborak zer ekarriko digun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.