Angel Erro.
JIRA

Asteko egunak

2019ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Langile autonomoen elkarte batek txostena argitaratu du. Beregain esaten omen zaie euskaraz langile autonomo direlakoei, Zehazki hiztegiaren arabera. Goiburu batera eraman dute datu deigarria. Bost langile autonomo edo beregainetatik batek asteko zazpi egunetan lan egin behar izaten du. Joan den egunean euskaraz ez dakien morroi batek zehatz-mehatz azaldu zidan euskal aste berezkoa (edo beregaina) hiru egunekoa baino ez zela. Datuek (eta apetazko erudizio erakustaldiek) batzuetan deprimitzen naute. Ni langile autonomo edo beregaina naiz eta ez nuke jakinen (euskal edo erdal) asteko zenbat egunetan lan egiten dudan. Langile autonomo edo beregainaren alde makurrenetakoa, nire ustez eta nire eskarmentuan, horixe da, batez ere lana etxean eginez gero, lanbrotzen zaizula noiz zauden lanean eta noiz ez. Goiko inkesta horretako bost langile beregainetatik zenbatek ez dakiten/ez darantzuten jakin nahiko nuke. Kirmen Uriberen azken poema liburuan bada Mendebaldar izeneko poema, asteko (zazpi) egunak sei alditan errepikatuta, sei euskalki eta erdalkitan. Atzo bi (soldatapeko) laguni galdetu nien haiek ulertzen ote zuten. Gaur susmatzen hasita nago ez ote den langile autonomo baten egunerokoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.