Angel Erro.
JIRA

Suntsialdia

2021eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Mikel Irizarrek Faktoria irratsaioan: «Liskarraldi bakoitzaren ondoren sistematikoki galtzaile bukatzen dute palestinarrek». Bihotzean zimiko bat egin dit. Jarraitu du: «Esango nuke antzeko zerbait gertatzen dela kurduekin edota sahararrekin, esaterako. Herri batzuk munduaren alde ilun eta basatian baleude bezala, beti galtzera kondenatuak». Ohartu naiz oraingo sarraskiaren berri ikusten dudan bakoitzean, hildakoen kopurua handitzen doala jakiten dudanean, irudien gogorrak begiak telebistatik apartatzera behartzen nauenean, berez desiratzen ari naizena (beste batek Jainkoari eskatzen diodana, esan lezake) dela guztia geldi dadin. Eta berez egunetako batean gelditu eginen da, porrot batekin gelditu ere. Ez inolako konponbidearekin edo justiziarekin. Erreparaziorik ez. Betiko galtzaileak galtzaileago.

Egun hura iristen denean (oraindik ez dirudi gertu, Israelek «indar guztiekin» Gazari erasotzen jarraituko duela iragarri du), halako lasaitasunezko imintzio batekin hartuko dute hedabideek eta hartuko dugu guk ere, hitz beste egiten hasita. Ahaztuta bakea gehienetan etenaldi bat baino ez dela, ohiko umiliazio eta bidegabekeriez osatua, hobesgarria, bai,ez dut nik bestela esanen, bi suntsialdiren artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.