Angel Erro.
JIRA

Garia

2022ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Zer zereal edo laborerekin egina dago Italiako pastarik ohikoena? Erantzuna garia da. Katalan telebistan katalanezko lehiaketa batean aurkezleak ez dio neska bati erantzuna gaztelaniaz ematen utzi, antza, burura katalanezko blat hitza ez etorrita.

Lehiaketek arauak dituzte. Hori ez dute aintzat hartu gertaerarekin sumindu eta eskandalizatu direnek. Haietako asko berdin sumindu eta eskandalizatzen dira Kataluniako ume elebidunen gaztelaniazko etorriari herren irizten diotenean, errua hizkuntz murgilketari egotzita. Bi sumin eta eskandalu horien arteko kontraesanaz ez ohi dira jabetzen. Zeren bestela, beharbada, ondorioztatu beharko lukete neska horri blat hitza burura etorri ez izanaren errua gaztelaniaren nagusigoarena izan daitekeela eta gezurra dela katalanak gaztelania zapaltzen duela Katalunian. Beraz, hizkuntzari buruzko lehiaketa batean beste hizkuntza batean erantzuteko aukera zalantzazkoa casus belli aurkeztea nahiago dute. Eta sumindu eta eskandalizatu, katalana eta katalandunak zapaltzaile mantentzearen errelatotik ez jaisteko.

Beharbada aurkezleak ulerkorrago joka zezakeen, eta pentsatu, nerbioak nerbio, neska horri garia bezalako labore xumearen izena mihitik kendu dionak duela berez errua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.