Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Puntu koma?

2019ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Forma eta edukia bereizezinak direla frogatzen duen ezer bada, hitz jokoak dira hori. Zer dator lehenago: sakoneko ideia edo burutazioa? Zerk baldintzatzen du zer? Zenbat zutabe idatzi ote dira, zenbat kanta, zenbat esketx, hitz joko batek eta haren adierek (ustez) argitutako bideari segika? Baita, funtsean, hitz jokotik harago esateko dagoenak batere originaltasunik ez duenean ere?

Asteotan ETBk eskaini duen serie digitalaren tituluak ere zutabe bat idazteko aitzakia ematen du. Puntu Koma du izena. «Koma», istorioa ospitaleko ohe batean eraiki dutelako, konorterik gabe dagoen gazte baten bueltan. «Puntu koma», egoera hori ez delako abiapuntua besterik. Maialen Sorzabalbere eta Amaia Rojoren ideia originaletik —nahiz eta prozesuan asko aldatu den— abiatuta ekoitzi duten sail horrek sei atal izan ditu. Umore dosi arineko drama bat eraiki dute, istorioa eusten duen misterio kutsua galdu gabe.

Hasi orduko etorri zaio amaiera, eta, normala denez, puntako fikzioei gertatzen zaien gauza bera gertatu zaie: abiapuntu interesgarria izatea baino askoz zailagoa da —azaldu beharrekoak azalduta, baina pasatu gabe— amaiera borobila ematea. Gutuberrak-ekin batera, aurrekari interesgarri bat sortu du, hala ere. Batetik, frogatu duelako egin daitekeela sareko fikzioa umore auto-erreferentzial etengabea ez den formulak erabilita ere. Bestetik, finantzaketa bide berri baten eredu izan delako, Next Station deialdiarekin; telebista eta zinemaren munduan trebatu gabekoek ere ideiak onak eta garatzeko gaitasuna izan ditzaketela erakutsiz.

Baina, hitz jokoek markatzen dute bidea, eta hori guztia idatzi badut, websailaren izenburuak ematen didan aitzakia baliatzeko besterik ez da: Puntu Koma-k amaitu du bere zikloa, eta orain, euskarazko fikzio jarraiturik gabe geratuko gara berriz. Puntu bat, oraingoz, segidan beste bi, koma bat edo hutsune luzea etorriko diren jakiterik gabe.

Bitartean, otsailetik HBOk eskaini duen La Sala telesaila ari da eskaintzen ETB2, gaztelania batuan. Isla Audiovisualesek Kanarietan ekoitzitako thriller poliziakoa. Loreak jaso ditu, baita kritikak ere: emakume protagonistek euren bidean aurrera egiteko duten modua gizonezkoekin sexu harremanak izatea omen da. Ezin gehiago esan ikusi gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.