Angel Erro.
JIRA

Denbora galdua

2020ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Robert Proust doktoreak, Marcel anaia hil ostean Denbora galduaren bila heptalogiaren azken hiru liburukien edizioaz, seguruenik ez modurik profesionalenean, arduratu zenak, deitoratzen zuen, anaiaren obraren aukeraz gozatzeko, batek oso gaixorik edo hanka bat hautsita egon behar izatea, alegia, etxetik ezin irten eta aspertuta. Egunerokoaren erritmo frenetikoak leitu nahi (omen) duguna leitzea galarazten digulako ustea ez da, beraz, gaurkoa, etxeetan telebista eta irratirik ez zegoen garaietan ere ez omen zuten denbora galdua erraz topatzen.

Irudipen bera dut egunotako itxialdiarekin. Kalera ez ateratzeko agindua jaso genuen lehen egunean milaka izan ziren filmak, telesailak, liburuak, jolasak doan deskargatzeko linken zerrendak; operak, antzezlan edo kontzertuak streaming bidez ikusteko gonbitak. Paradoxikoki, egunek aurrera egin ahala, gutxitu dira horrelakoak, ustez aspertuagoak egon beharko genukeenean. Agian, ikasi dute beti susmatu izan duguna. Kultura ez kontsumitzeko aitzakiak aitzakia huts izan direla beti, eta egun ere badirela. Irakurtzea asperraldiarekin lotzen duenak ez du irakurriko aspertuta ere. Gehienez ere, liburu zerrendak egin edo haiek deskargatzeko estekak zabalduko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.