Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Jan ala bidaiatu?

2022ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Uda bidaiatzeko une aproposa izaten da. Bidaiatzeko modu asko daude, baina, niri bereziki, asko gustatzen zait bidaiak janariarekin uztartzea. Bidaiatzen dudanean kultura berriak ezagutu nahi ditut, eta, hori egiteko, janaria ezinbestekoa da. Janariaren bitartez bisitatzen ari naizen herrialdean landatzen diren fruituak ezagutzeko aukera dut edota arrantzatzen den arraina ezagutu dezaket.

Bidaiak eta janaria uztartzen dituzten erreportaje eta dokumental ugari aurki daitezke telebistan eta plataformetan. Besteak beste, Latinoamerikako janaria oso ondo ezagutzeko aukera ematen digun Street Food Latin America (Netflix) biziki gomendatzen dut. Asiako gastronomia ezagutzeko dokumental antzekoak egin zituzten Netflixen ere. Plataforma horretatik mugitu gabe, azken asteetan harrapatu nauen telesail dokumentala aurkitu dut: Somebody Feed Phil saioaz ari naiz. Bertan, Phil Rosenthal munduko txoko desberdinetara bidaiatzen ikusi dugu. Iristen den hirietara iristen dela, bertako merkatuak arakatzen ikusiko dugu, eta, ahal badu, kaleko postuetan jaten saiatuko da. Bere bidaiatzeko modu horrekin oso ados nago. Azokak ikustea asko gustatzen zait eta kalean aurkitzen den janaria beti izaten da herri bat ezagutzeko modu apartena. Rosenthalek munduko txoko asko erakusten dizkigu bere lanaren bitartez, eta, kaleko janariaz gain, bisitatzen duen hiriko jatetxe onenetan jateko aukera du. Nahasketa oso interesgarria egiten du, kaleko janaritik hasi eta eliteko sukaldaritza erakutsi arte.

Telesail hori ikusten, zutabe honetan aurretik aipatu dudan Julia (HBO Max) telesailaz gogoratu naiz. Julia Childek horrelako bidaiak egitea gustuko izango lukeela ezin dut dudan jarri. Bere telesailean ikusi genuen bezala, janariaren maitale sutsua zen eta Frantziako sukaldaritzaz maitemindu zen.

Udan urrutira bidaiatzeko aukera ez baduzue, horrelako saioak pantaila txikian ikustea ideia aparta iruditzen zait. Etxeko sofatik munduko jakiak ezagutzeko aukera ematen digu Phil Rosenthalek eta, askotan, jaten dituen jakien zaporeak nolakoak diren igartzeko aukera ematen duela dirudi. Beraz, zure hurrengo bidaia telebistaren aurrean egin nahi baduzu, aukera ezazu zure helmuga eta goza ezazu janariaz. On egin eta bidaia on!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.