Angel Erro.
JIRA

Hosto hilak

2022ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Dagoeneko inork ez du dudarik egiten aurten (aurtengo Durangoko Azokan, kasu) salduenen zerrendetako lehen postuetan zer agertuko den: Irulegiko eskua edo Sorioneku hitza bera. Hari buruzko liburu, komiki edo abestia beharbada ez da iritsiko, baina elastikoz, txapaz, agendaz edo bertsoz beteko zaizkigu poltsak, paparrak, begiak eta belarriak. Dendetan ere, erositakoa oparitarako bildutakoan, galdera ez da dagoeneko «felicidades ala zorionak?» izanen. Harrituko ninduen eranskailua sortuko ez balute okasiorako.

Filologoek zer ikertu badute; eta euskaldun arruntok, zertaz harrotu zaharragoa. Nahitara argudiotzat ere erabili dezakeguna. Gazteluen sukarra apalduko da menturaz. Ez dakit oraingo honek deskonbentzitu asko erakarriko dituen kausara. Eskuaren aurkezpenean parte hartutako Txibite lehendakariak, esaterako, ez dirudi euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzeko prestago dagoenik.

Etorkizuneko proiektuak iraganeko argudioetan oinarritzeak baditu bere ahuleziak, dudarik gabe, lehen begi kolpean oso erakargarriak gertatu arren. «Etorkizunak iraganean umotu ahala iragana usteltzen da etorkizunean: hosto hilen festa ikaragarria», dio Anna Akhmatovak poema batean. Ez dakit guztiz ulertu dudan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.