Angel Erro.
JIRA

Aditu taldea

2018ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Auzokideen bileran ez gara ados jartzen eta burutazioa izan dut etxe bakoitzak aditu bat izenda zezakeela geure ordez batu eta akorduetara iristeko. Epe zentzudun baten barruan ondorioak aurkeztuko dizkigute eta guk orduan ikusiko dugu onartu ala ez. Bizikidetzaren aldeko apustu irmoa, batez ere kontrako bozka ematen dudan bakarretarikoa ni naizela aintzat hartuta, auzokide askoren agurrak galduz apurka-apurka.

Oraindik ez dut inorekin honetaz hitz egin, ez baitut nahi ni ordezkatzeko aukeratu dudan aditua beste inork lehenago hartzerik. Jaime Ignacio del Burgoren baiezkoa errazago ziurtatzeko, bozkagai dugun igogailua paratzeko proiektua ETAren eraberritze arkitektoniko moduko bat dela iradokiko diot, beste hitz batzuekin, noski, adituen bileran esaldia berak jaurtitzeko ohore eta plazeraz ez gabetzeagatik. Euskal Herria eta Euskadi nazio gisa (eta bestela ere) sekulan existitu ez direla (non eta EAEri estatutu berria idazteko batzordean) esan duen modu berean, espero dut auzokideei ere (edo auzokideen adituei) azal diezaien geure ezkaratza ere (edo goiko solairu parea behintzat) ez dela sekula existitu eta, horregatik, orain arte bezala jarrai dezakegula eskaileretan gora oinez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.