Angel Erro.
JIRA

Lurraren ikara

2020ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Azken asteetan Iruñerrian gertatzen ari diren lurrikarei buruz idatzi nahi nuen (ez alferrik atzoko gauean azkenaldiko dardara handiena sentitu dugu oinen azpian), baina zalantza batek atzera eginarazi dit. Badago honetaz zer esanik, planeta honen indarraren aurrean dugun gaitasun eskasaz ohartarazteko ez bada? Gizakiok garentxoa azpimarratzeko ez bada? Egia da azkenaldian fenomeno askok gogoratzen digutela gauza bera. Hor dugu urteko gai saihetsezina, pandemia, gure hantustea apaltzeko, Erdi Aroko olerki batean bezala. Baina azken izurrite honek ondorio horietara eramanarazteaz gain, eritasunaren kudeaketari erreparatzeko eta lehenagotik zetozen gabezia sozialez hausnartzeko aukera ematen digu, ez baita gutxi (hilabeteak daramatzagu egunkarietako orrialdeak betetzen).

Lehen begiratuan ez dago lurrikarekin gauza bera egiterik. Agian oraindik dago hitz gabe uzten digun ahalmen kontrolaezinik. Baten bati aditu diot hau ez ote datorren Itoitzeko urtegiaren eraginez. Neurri batean lasaigarria litzateke (zertaz eta noren kontra haserretu emanen ligukeen neurrian) hala balitz, agian irtenbide bat ere eskain bailezake. Dakitenek esan dezatela. Besteok izutzearen aukera katartikoa baino ez dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.