Angel Erro.
JIRA

Terrazetara

2020ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Fase aldaketarekin jende askori tabernetara itzultzeko antsia sartu zaio. Ni, bitartean, ohartu naiz kalera ateratzeko akuilu nagusia horixe zela eta berez ez naizela uste nuen bezain kalezalea ere; tabernak eta liburu dendak itxita, lasai asko izan naitekeela etxezulo. Landan bizi nintekeela ere irudikatzera iritsi naiz, pentsa.

Halere, tabernetara itzuli ahal izateko baimen mugatuak (terraza duten ala ez eta eguraldiak berak mugatuak) ez nau ni batere kitzikatu. Uzkurrago bihurtuko ninduen itxialdiak, zomorroago. Tokiagatik lehiatzeko gogorik falta. Beste bezero batzuek nire zain egon behar dutenean sartzen zaidan ezinegona iragar dezaket. Hiztun gehienek tabernetako terrazez mintzo baliatu ohi duten txikigarriari ere hastio diot egunotan, nik neuk inoiz erabili badut ere hedonismoaren edo pribilegioaren adierazgarria izan daitekeen atzizki hori.

Pentsatu nahi dut ez nagoela etxola sindromeak edo xuhurkeriak jota (nahiz eta hori ere nabaritu dudan, azken bi hilabeteetan ez naiz ohi bezain zarrastel jokatzen ari), baizik eta, osotasun begiradaz, ostalaritzak bizi duen egoera konpontzeko adabaki desorekatua dela ohartu naizela. Egiazki, badaudela espazio publikoa erabiltzeko modu hobeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.