Angel Erro.
JIRA

Goza bozkatutakoaz

2020ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Hauteskundeen arteko garaietan hurkoari kargu hartu ohi zaio, boza ematera ez joateagatik edo oker bozkatzeagatik. Azken kasu honetan, gaztelaniaz behintzat, Ā«goza ezazue bozkatutakoazĀ» entzun dut. Esapide ironikoa eta are sarkastikoa, zeinaren bidez hautabide irabazleak (normalean herri xeheari) ekarriko dion kaltea irentsi beharko duela iradokitzen den, eskarmenturako balioko dion itxaropen urrunarekin. Ingelesez bilatu dut, ea norbait hasi den erabiltzen Joe Biden eta Kamala Harrisen agintaldirako. Agian goizegi da, baina iritsiko dira. Erraza da asmatzen nondik etorriko diren desilusioak, oraingoan inor ikusi ez dudan arren Obamarekin bezain ilusionatuta. Edo agian ez dut ingelesez aurkitu Espainiako politika kulturatik datorren erantzuki alferrikakoa delako. Berez, nire esperientzia ez hain zabalean, inor gutxi damutzen da emandako bozaz, beraren interesen kontra jo arren, programan agindutako deus ere bete ez arren. Fan porrokatuak dira batzuk edo, bestela, inkesta demoskopikoak egiten dituztenek ongi dakitenez, gehienez ahaztu egiten du norberak aldi batetik bestera. Gutxik sentitzen dute, seguruenik inork ez, erantzukizun pertsonal txikiena izan dezakeena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.