Angel Erro.
JIRA

Fase aldaketa

2021eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Kultura gizartean urteetan zehar nola aldatzen doan egiaztatu nahi duenak atzo izan zuen aukera. Literaturaren Nobel saria aurten nori eman dioten iragarri eta presazko artikuluak prestatu behar izan dituzte alorreko kazetariek. Editoreak ere irudikatzen ditut euskarara zer liburu ekar daitekeen ikertzen. Eta kultur gizon eta emakumeak, begi bat Wikipedian dutela, sariaz zer esan ez dakitela.

Azken honi dagokionez, fase aldaketan gaudela esanen nuke. Garai batean, ez hain aspaldikoan, intelektuala Nobel saridunaren berri askoz lehenagotik bazeukala erakusten lehiatzen zen. Gutxitan izaten zen egia. Horregatik erne egotea komeni zen, saria iragarriko zuten orduan Sareari begira, beste inork baino lehenago dokumentatu ahal izateko dena delako irabazleaz eta munduari erakusteko, pozezko edo etsipenezko ohar batekin posible bazen.

Gerora liberazio unetxo bat egon da, eta modan egon da suediar akademikoek hautatutako izen arraroei irri egitea, jendeari «nik ere ez ezagutzeko modukoak» direla adierazita, idazle popularragoek irabazi beharko luketela esateko. Susmoa dut lehen fasera itzultzear gaudela, Instagramen erakusten ditugun liburu bakanen galeriekin bat datorren joeran, baina oraindik ez dakigula nola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.