Angel Erro.
JIRA

Umefobia

2020ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Nire inguruan guraso batzuek diote azkenaldian umeekiko halako herra bat sumatzen hasi direla gutxien espero zuten jendearengandik ere. Badirudi lehenago sentimendu hori disimuluagoan pasatzen zela, eguneroko martxan, txantxetan, ohitura arruntetan kamuflatuta. Gizartea antolatuta zegoen haurrei kasu handirik egin behar ez izateko, presenteegi ez izateko, gurasoek ere haietaz matraka gehiegi ez emateko. Elkarrizketa hau gurean umeek kalera irteteko baimena izan aurretikoa zen; orain agian herra handiagoa nabarituko zuten. Nik solasa modu abstraktuan jarraitu nuen, zehazki zertaz ari ziren ulertu gabe. Ez nintzen zera planteatzera ausartu, eraso pertsonaltzat har ez zezaten: dena delako amorru hori, umeengana gabe, ez ote zen umedun gurasoengana zuzenduta egonen.

Lagun batekin hizketan gaia atera, eta aitortu dit baietz, bera, berez haurrak biziki maite arren (besteenak, ez baitu seme-alabarik), azkenaldian umefobia pixka bat garatzen ari dela. Berari bai galdetu diot ez ote den gurasofobia izanen. «Baliteke». Aurrerago joatera ausartu naiz: ez ote den misantropia arrunta. Hori ere onartu dit, «itxita egotearen ondorioetakoa izango da». Itxita egon gabe giza generoan fede handirik ez genuenok lan bat gutxiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.