Angel Erro.
JIRA

Lanbide idealak

2019ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Museo bateko garbitzailea izan nahiko nuke, egunero «honako hau artea da ala zakarretara botatzekoa?» galdetu ahal izateko. Botika batean lan egin nahiko nuke, mediku baten amodiozko mezu zifratuak jaso ahal izateko, beste guztien isilean. Gustura lan eginen nuke atezain moduan, liburu bat atera ahal izateko mahai azpitik ordu mortuetan. Liburutegi batean ere bai, nor sartzen den ikustearren. Nazioarteko Pilota Federazioko masajista izan nahiko nuke, kirolarien giharrak lasaitu ahal izateko azalaren gainean ikurrinak trazatuz. Defentsaren lekukoa izan nahiko nuke, egia guztia esatera behartuta egoteko. Euskal intelektuala izan nahiko nuke, gaurkoa bezalako lan betegarri gabe, beti zerbait sakona eta funtsezkoa idatzi ahal izateko. Postaria izan nahiko nuke, non bizi zaren jakiteko. Nagusiaren semea izan nahi nuke, neure burua eraikitako gizon izendatu ahal izateko. Disc-jockey izan nahiko nuke, euforia esternalizatu ahal izateko. Etxetik kanpo lan egin nahiko nuke, jendaurrean ahal bada, lanetik itzuli ahal izateko. Guapoa izan nahiko nuke, lana estatistikoki errazago topatu ahal izateko. Bertsolaria izan nahiko nuke, hasieratik zer esaten bukatuko dudan jakiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.