Angel Erro.
JIRA

Isiltasun minutua

2019ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Atzo goizean irakurri nuen Nafarroako Parlamentuak minutu bateko isilunearekin gogora ekarri zuela astelehenean, Antsoainen, lan istripuan hildako langilea, Mohamed Zhairi Boutaleb iruindarra. Ez da urtea amaitu, eta dagoeneko 14 langile hil dira Nafarroan; 37 Euskal Herri osoan, lan istripuetan. 37 minutu isiltasun. Erakundeetan halako isiluneetan parte hartzen duten ordezkarien kopuruan biderkatuko balira minutuak, hor izanen genuke denbora tarte zabala arazo larri bati aurre nola egin hausnartzeko. Baina zertan pentsatzen dute, zertan pentsatzen dugu, isiltasun minutuotan? Errespetuzko keinu hutsa izanda ere, ongi daude, maite dut isiltasun minutuek adierazten duten begirunea. Baina hobe genuke harago joanen balira. Nafarroan urte batetik bestera lan istripuek izan duten gorakada (%10 datu orokorretan; eraikuntza arloan %20 baino gehiago) zergatik gertatzen ari den pentsatzeko erabili daitezke minutuak. Urteekin segurtasun neurri eta teknikariek gora egin omen duten arren, zergatik. Nork eta zerk eraginda. Erantzun posible bat, niri berehala datorkidana burura, langileen prekaritatea da. Horrek ere egin du gora azken urteetan, ikaragarriki. Hor daude datuak, hor daude hausnartzeko minutu gehiegiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.