Angel Erro.
JIRA

Adin kontua

2019ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Irudi ederra, aukeran zinematografikoegia, ekarri digute egunotan albistegiek. Jane Fonda, beroki gorrimin luzea, txapel beltz txikia eta eguzkitarako argazki handiak zeramatzala, poliziak atxilotuta, Washingtongo Kapitolioan. Iruzkin gehienek aktorearen dotorezia eta konpromisoa azpimarratu dute, duen adinarekin (81 urte) konbinatuta, adin mugaren bat balego bezala dotorea izateko edo gizartearekin engaiatuta egoteko. Ia kontrakoa esan daiteke. Euskal Herriko hainbat tokitan (nabarmenki Bilbon) gertatzen ari diren jubilatuen elkarretaratze jendetsuek gezurtatzen dute adin batetik aurrera ezaxolan barneratu behar dugunik. Bada belaunaldi kontua aipatzen duenik, dena den. Gaurko zahar jendeak 60ko eta 70eko hamarkada aldarrikatzaileagoen aldaxkak dira. Burgestu bai, baina ongizatearen estatuaren desegitearen (galtzeko zer dagoen) jakitunagoak ere bai.

Adintsuen apologia errazegian erori aurretik, gogoratu beharko genuke belaunaldikide direla Sanders eta Trump (bost urteko aldearekin). Edo, hemendik gertuago, Baionako meskitaren kontrako atentatua burutu duen FNko hautagai ohia ere (84 urte). Haren biktimak ere, aurre egin ziotenak, agureak ziren. Onerako ala txarrerako, munduan zer esana badutela agerian utzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.