Angel Erro.
JIRA

Koherentziaz

2019ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Hauteskundeetan politikariei galdetu beharko geniekeen gauzetako bat da ea non eskolatzen dituzten seme-alabak, osasunbide publikoa erabiltzen duten ala pribatua... Aurrekoa Iban Zalduak bota du Twitterren, Gasteizko Udalak ikastetxeen matrikulazioa egiteko moduaren aldatzeak (praktikan zona bakarra ezartzeak) ghettifikazioa areagotuko duen, murriztu bainoago, eztabaidatzen ari zela. Ordezkari publikoak ez daude sistema publikoa erabiltzera behartuta, baina, nire ustez, horixe kudeatu behar badute, harengan sinesten eta ez hitz soilez bultzatzen dutelako froga ez litzatekeen alferrikakoa, baita dena delako politikaria eskuineko alderdi batekoa izanda ere, erantzukizunagatik, zuzenduko duzun alorretik kanpo zeure burua kokatzea ez baita dotore.

Ez diot inori koherentea izateko eskatzen (oso arriskutsua da, norberaren inkoherentziak nabarmenago gelditzen direlako), jakinaraztea bezala, lotsazko ezkutukerietan hasi gabe. Denbora guztia ari gara ondokoak epaitzen, esaten edo ordezkatzen dutenarekiko. Ordenagailu markarik garestienetik prekaritateaz lezionatzen dabilkidanari ez diot deus esanen, ezin dut ez hura bozkatu, baina haren gaineko iritzia izateko eskubidea dut (2014ko Acer batetik idatzita).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.