Sanferminak Iruñean

Txistularien lau urtaroak

Txistularien 59. Alardea egin dute Iruñean, eta hamabi obra berri aurkeztu dituzte antzerkia eta musika uztartu dituen ikuskizun batean. Txalo zaparrada jaso du txistularien lanak

San Jose plaza lepo bete da Iruñeko Txistularien 59. Alardea ikusteko. Irudian, Aitor Urkiza zuzendari lanetan. LANDER ARROIABE OLAORTUA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2018ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Sanferminak udan badira ere, atzo txistuzale anitzek bidaia egin zuten lau urtaroetan barna. Ez, ez zuten Antonio Vivaldiren obra eskaini sanferminetan: Iruñeko Txistularien Alardearen emanaldia izan zen. Txistua hartu eta gisa horretako kontzertu bat eman duten 59. aldia dute aurten. Ikuskizun ona eskaini zuten, eta hamabi obra berri aurkeztu zituzten ama lurra eta urtaroen gaia jorratzeko.

Sanferminetan zarata da nagusi zoko guzietan, baina badira horretatik aparte geratzen diren plaza eta kale gutxi batzuk. Horien artean dago San Jose plaza. Bestaren anabasak inguratzen badu ere, toki lasaia da, atseden hartzeko egokia. Seguruenik horregatik egiten dute han urtero-urtero txistularien alardea. Eguzkiak gogor jotzen zuen 13:00etan, baina plazan tenperatura egokia zegoen, zuhaitzek itzalpean mantentzen baitute plaza osoa. Lepo bete zen: aulkiak ez ezik, inguruak ere ikuslez bete ziren.

Oholtza gainean txistulariak eta gainerako musika tresnen jotzaileak ziren, bakoitza kolore batez jantzia: marroia udazkena irudikatzeko, zuria neguaren irudi, berdea udaberria adierazteko, eta horiz jantzirik udaren ordezkariak. Aitor Urkiza izan zuten gidari; hirugarren urtea da zuzendari lanetan aritu dena. Emanaldia arinagoa izateko, antzerkia ere tartekatu zuten kantuen artean.

«Raul Madinabeitiak [aurreko musika zuzendariak] formatua aldatu zuen, ikuskizun moduko bat eskaintzeko, eta obra gehienak berriak izan zitezen», azaldu zuen Urkizak. «Aldaketa horien ondorioz, uste dut maila handia duela kontzertuak, lehengoa baino dezente handiagoa». Musika zuzendariak azaldu bezala, maila handiko kontzertua eskaini zuten atzo. Jesus Maria Beltza, Urtzi Iraizoz Remiro, Iñigo Casali, Joaquin A. Lekunberri eta Jokin Zabalza musikagileen obrak aditu ziren Urkizak berak egindakoekin batera.

Uda betean egon arren, kontzertua udazken doinuekin abiatu zuten. Aktoreek ekin zioten ikuskizunari, baina oholtzan zirenen laguntza izan zuten. Musikariak arduratu ziren narrazioan beharrezkoak ziren onomatopeiez, adibidez. Hala, txistulariek hatzak kliskatu zituzten euriaren soinua antzezteko, aktoreetako batek aterkia irekitzen zuen bitartean. Urtaroa aldatzerakoan, musikariek urteko sasoia irudikatzen zuen marrazki bat paratzen zuten buruan: hostoa, elur maluta, lorea edo eguzkia.

Negu hurbila

Oi Bethlem gabon kantaren moldaketak Eguberrietan zirela gogorarazi zien ikusleei. Ondoren, oholtza gaineko otsoen uluek otsaila ailegatu zela iragarri zuten. Kontzertuaren erdialdean, txirula hotsak Zuberoako mendietara eraman zituen ikusleak. Udaberriari bide eman zion branle dotore batek, kontzertuaren gailurrean. Azkenik, uda ailegatu zen, eta harekin batera, besta. Urdiainen (Nafarroa) egiten duten Sanjuango kantaita-ren moldaketa ederra plazaratu zuten, eta azkenengo obrak besta girora itzularazi zituen ikusleak: Uno de enero, Riau-riau eta entzierroko kanten melodiek gogorarazi zieten sanferminetan zirela.

Mezu argi bat ere eman zuten aktoreek bukaeran: ama lurraren aldeko aldarria egin zuten, eta planeta zaintzea guzien esku dagoela ohartarazi. Ikuskizunaren izenburua errepikatu zuen aktoreak, manifestuarena: «Ama lur, eguzki eta ur». Txalo zaparrada jaso zuten txistulariek, eta partiturak biltzeari ekin bezain pronto hasi ziren beste bat eskatzen. Hala egin zuten. Bisa bukatuta, zorion eta esker oneko hitzak. Urkiza kontent zen egindakoarekin: «Plazera da alardea zuzentzea. Pena da ezin dudalako txistua jo, baina aspertzen naizenean txistua joko dut berriz ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.