Albistea entzun

Hasi bazen hasi zen, eta hazten ari da

Miren Garmendia da Hondarribiako patroia. 22 urte ditu, eta 14rekin hasi zen, herrian, Hernanin. Bi urteren buruan Kontxako Bandera jokatu zuen, eta handik urtebetera Gipuzkoako ligako estropada bat irabazi. Igandean, ETE ligan astindu zuen bandera.
Miren Garmendia patroia ziaboga ematen Hondarribiako traineruarekin, aurreko igandean Pasai San Pedron.
Miren Garmendia patroia ziaboga ematen Hondarribiako traineruarekin, aurreko igandean Pasai San Pedron. ANDONI CANELLADA/ FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Manterola Garate -

2022ko ekainak 23

Hernaniko gasolindegi bateko langile batek eztarria urraturik izaten du udako astelehenetan. Ezagunek-eta esaten omen diote ea parrandagatik den. Hark ezetz erantzuten die. «Entzun egin behar, gainera», esan dio BERRIAri. Eta ez du arrazoi faltarik. Izan ere, beharrean behartzen zaio ahotsa Miren Garmendiari (Hernani, Gipuzkoa, 1999). Gasolindegian ez; traineruan. Patroia da Hondarribiako traineruan.

Ari ei da ikasten oihu nola egin: «Sabeletik oihu egiten dut orain». Eskertuko dio eztarriak, alajaina. Baina aldaketa ez du horregatik bideratu: «Lasaiago joaten naiz orain trainerua gobernatzen, eta aginduak argiago esaten dizkiet arraunlariei. Lehen, gehiegi hitz egiten nuen», onartu du, zintzo.

Lehenaldia behar du, izan ere, orainaldiak. Iraganaz ari denean, aurtengoaren aurreko denboraldiez ari da. Eta ez dira bat edo bi. Hasi zaharra delako patroitzan. «2013an joan nintzen herriko klubera. Erdi txantxetan, ezagun batzuk arraunean ari zirela eta. Probatu, gustatu eta...». Ia-ia, gaur arte, ez balitz izan 2017ko lanak bukatu ondoren utzi egin zuelako bi urtez. «Ikasketak», esan du. Donostian lehendabizi, eta Bartzelonan gero. Kirola tartean horretan ere: «Arraunean hasi baino lehen hainbat kiroletan ibili nintzen, eta ikasketak horretara bideratu nituen. Naturaguneak eta kirola uztartzen dituen ikasketak dauzkat eginda».

Etenaren aurretik, balentria handiak egiteko denbora izan zuen. Bi behintzat, nabarmentzekoak dira, bai eta beste bat ere, hirugarrena, epikoa izan zelako. Lehendabizikoa: 2016an, Hernani lehen aldiz sailkatu zen Kontxako Bandera jokatzeko, Garmendia patroi zela: «Sekulako poza izan zen. Ia ez nekien ezer arraunaz, eta Kontxara». Astirik ere ez asko jakiteko, urte horretan bertan joan zelako lehendabizikoz Maialen traineruaren txopan, Colindresen (Espainia). Bigarrengo balentria: 2017an, Gipuzkoako ligako estropada irabazi zuen herriko taldearekin, Errenterian.

Hirugarrengoa, epikoa, urte horretakoa da. Kontxa berriz ere. Sekulako olatuak, beldurtzekoak, bigarren igandean. Garmendia ez zen izutu, baina: «Gehien gozatu dudan eguna izan zen». Pragmatismoari heldu zion, arraun luzeari heltzearekin bat: «Albora begiratzen nuenean, Salbamenduko ontzia ikusten nuen, eta lasaitu egiten ninduen, uretara eroriz gero aterako ninduketelako». Barrurako luzean zer bizi izan zuen kontatu du: «Ez nituen olatuak ikusten, baina arraunlariek bai. Eta beldur aurpegiek salatzen zidaten handiren bat zetorkigula». Pasa zuen igande goiz hura, «patroitzarako puntu asko irabazita».

Estropada hartan zen Nadeth Agirre Orioko patroia ere. Eredu du Garmendiak: «Txikitatik, bateletan, hor egon da, eta oso erreferentea da niretzat. Beti goi mailan egon da». Bide berean doala ematen du Hondarribiako patroia. Denborak esango du, baina oraingoz, okertzeko arrisku handirik ez zaio ikusten. Gauza bera pentsatuko zuten iaz Euskotren ligan patroi onenaren saria eman ziotenek. Harentzat izan zen, nahiz eta Hondarribiak gero maila galdu zuen. Jaso zituen hamaika maillot saridunarenak, eta banatuta dauzka gehienak hor zehar: «Klubean badago, baita gurasoenean ere, eta lagunen bati ere eman nion. Etxekoa bizikletan ibiltzeko janzten dut».

«Igo bai, baina zuzenean»

Joan zen igandean ez zioten maillotik eman, baina ETE ligako lehen estropadatik lehen postuan atera zen taldea. Estropada bat jokatu, eta irabazi Hondarribiak. «Gozamena izan zen», kontatu du. Ohikoa baino ziaboga bat gehiagorekin, birekin, lan gehixeago izan zuen: «Aurrez landutakoa ondo atera zen». Lanketa horretan ez ei dira egoten, baina, ziabogak: «Estropada egunean beroketan bakarrik egiten ditugu pare bat, ondo moldatzen garelako Jasone [Mitxelena, aurrekalaria] eta biok. Bitxiena da ez zaizkigula ondo ateratzen beroketan. Baina ondo dago, gero estropadan zer egin eta zer ez ikusteko».

Beharko ondo atera gauzak ETE ligan. Igo nahi duelako Hondarribiak Euskotren ligara. Lehen bi lekuetan sartu behar. Hirugarrena kanporaketara doa, eta hitz hori entzun ere ez du egin nahi Garmendiak: «Aurreko urteetan makina bat jokatu ditugu, eta zuzenean igo nahi dugu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

ZUZENEAN: BERRIA Pilota Txapelketa

Lazkaoko LAPKE, BERRIA txapelketako XVII. edizioko txapeldun

Berria

Hiru hilabete pasako lehiaren ondoren, Euskal Herriko bi pilota elkarte onenak elkarren aurka aritu dira finalean, Hernaniko udal pilotalekuan. Finaleko hiru partidak irabazi ditu Lazkaok.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Hamar garaipenekin, urteak ez ziren onak»

Iñaki Berastegi

Hermansek bere biografia aurkeztu du Euskal Herrian. Orbearekin hasi zen profesionaletan, eta talde hura «familia» bat izan zela dio.
Zumaiako arraunlariak eta kideak, atzoko banderarekin. ©BERRIA

Zumaia ere azaldu da

Aitor Manterola Garate

ETE ligako bigarren estropadan irabazi du sasoiko lehen bandera, Donibane Lohizunen

Eraso, atzo, helmugan. ©FEC

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...