Miren Manias.
EKOGRAFIAK

'The Nine'

2019ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Ikusle datuen arabera, Eskoziako telebista kate berria harrera ona izaten ari da. Emisioko lehen astean, BBC Scotlandeko programa nagusiek 20.000 ikusle baino gehiago erakarri dituzte. The Nine albistegia da horietako bat. BBCren arabera, lehen saioak 45.000 lagun batu zituen pantaila txikiaren aurrean (%3,2ko ikusle kuota). The Nine, ordea, ez da ohiko formatua duen albistegia. Beharbada, haren definizioa ez da albistegia ere. Ordu bateko iraupena du eta gaueko bederatzietan ematen dute, astelehenetik ostiralera.

Herenegun ikusi nuen lehen aldiz. Eskoziako futbol kopako partidaren ondotik —hori ez da denborarekin aldatu den programazio estrategia, bidenabar; ikusleek kate bereko saioak lotu ditzaten amu ezin hobea izaten jarraitzen du futbolak—. Zer eskaintzen du The Nine-k? Eskoziako, Erresuma Batuko eta nazioarteko gizarte gaiak, berrikuntza teknikak, kontsumoa, kirola eta aisialdia. Guztiak ere, «ikuspegi orokorretik aztertuta, baina ahots eskoziarra mantenduz». Hamabost lagunek osatzen dute saioaren lantaldea—zazpi gizonezkok eta zortzi emakumezkok—, eta bakoitzak ardura dauka gai zehatzetako istorio desberdinak lantzeko. Informazioaren espezializazioa indartuz, hain zuzen ere. Eskozian, Londresen, AEBetan eta Europan landutako erreportajeak dira eta platora eskoziar adituak zein herritarrak gonbidatzen dituzte.

Asteleheneko saioan, esaterako, Erresuma Batuko delitu bortitzen gorakada aztertu zuten. Hain justu, pasa den asteburuan, labankadaz hil zituztelako 17 urteko bi gazte Manchesterren (Ingalaterra) eta Londresen. Eskoziak eskarmentu handia du horretan; izan ere, azken hamarkadan lan handia egin dute biolentzia kasuak murrizteko. Hala, emakumezko eskoziar aditu bat gonbidatu zuten The Nine-ko platora; ikuspuntu nazional batetik, edozein tokitan gerta daitekeen arazo bati irtenbidea emateko. Alegia, zer ikasi dezakete besteek Eskoziatik?

Interesgarria iruditu zitzaidan informazioa lantzen duen telebista saioak politikarien iritzirik ez eskaintzea, eta, horien ordez, herritarrei ematea ahotsa. Azken batean, kalean gertatzen denetik nahiko urrun daude lehenengoak, eta bigarrenek ikusgarritasun premia dute. Ikusleek, azkenik, halako saioen eskaintza falta dute. Telebista publikoan eta pribatuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.