Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Musika eta filosofia

2021eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Euskal musikak ETBn presentzia handiagoa izan beharko lukeela entzun edo irakurtzen dudan bakoitzean, ados nagoela pentsatzearekin batera, burura datorkidan ideia da oso zaila izango litzatekeela hain mundu zabal eta aldakor baten berri emango lukeen saio bat sortzea bidegabe jokatu gabe, hau da, musika motaren batzuk eta musikari jakin batzuk bidegabeki ahaztu gabe. Garai batean, diskoetxeek indarra zutenean, haiek ezartzen zuten nolabaiteko bahea, eta bahe haren zirrikituetatik ihes egiten zuena, asko jota, gutxiengo baten kultuko musikaria edo taldea izango zen. Gaur egun ere badira diskoetxeak, baita enpresa promotoreak ere, baina irudipena dut musikaren kasuan uholdeak aspaldi eta oso gainetik gainditu zuela presa, eta, horren ondorioz, oso zaila dela euskal musikaren panorama oso eta osatu samar bat atzemateko ikuspuntu bat topatzea. Literaturan ere izan da, edo izaten ari da, sortzaileen ugaritze handi samar bat, baina bahea —kasu honetan argitaletxe nagusiek osatutakoa— nahikoa da uholdeari taxuz eusteko, bazterretatik ur xirripa batzuek ihes egin arren.

Panorama horren aurrean, Bidegurutzean saio berriak —herenegun estreinatu zen ETB1en— ez du euskal musikari buruzko behin betiko saioa izateko asmorik, eta ezagunak —edo gutxienez nahiko ezagunak— diren musikari eta taldeak pantailaratuko ditu astero, elkarrizketatzeko, kantu bana emateko eta gero elkarrekin kantuan jartzeko. Izaro, Gari eta Skakeitan izan ziren estreinako saioko protagonistak, eta hurrengoan Niko Etxart, Petti eta Liher izango dira gonbidatuak.

Estetikoki oso ondo landutako saioa da, eta pasarte musikalak oso gustura ikusten dira. Baina musikariek basamortu erdiko kabinan ustezko deabruarekin duten elkarrizketa hori, lehen atalean behintzat, filosofikoegia gertatu zen, oso airezkoa, airezkoegia agian. Musikarien barne mundua arakatu nahi zuten kabinako elkarrizketek, baina galdera orokorregiak eginez horretarako; galderak, izan ere, alegiazko deabruaren jakin-minetik abiatzen baitziren, eta ez musikari bakoitzaren lan propioaren berezitasunetatik.

Elkarrizketetan kazetariak gehiegizko protagonismoa izatea arriskutsua da, tamalgarria eta deitoragarria sarritan, baina kazetaria erabat ezkutatzeak ere baditu bere ajeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.