Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Ur azpian baina itolarririk gabe

2021eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Bestelako istorio bat, bestelako konta-molde bat eta bestelako edertasun bat eskaintzen ditu Pippa Ehrlich eta James Reed-en My Octopus Teacher film dokumentalak (Netflix, 2020; Movistar Plusen ikusgai gaztelaniazko azpitituluekin, Lo que el pulpo me enseñó izenburuarekin). Dokumentala bada ere, adiskidetasun istorio bat kontatzen du, ustez erreala baina akaso fikzio pittin batez ere hornitua, gizon baten eta olagarro baten artekoa, Esperantza Oneko lurmuturrean —behiala Ekaitzen lurmuturra deitutakoan—, agertoki ia bakartzat itsaspeko gune liluragarri eta ikaragarri koloretsua duela. Tarteka, Felix Rodriguez de la Fuenteren edo Jacques-Yves Cousteauren dokumentalak gogorarazten ditu Ehrlich eta Jamesen lanak, baina Craig Foster hegoafrikar zinemagilearen bizi-esperientziaren kontaketak balio erantsia ematen dio.

Zinemagile lanbideak akituta, nardatuta eta gogogabetuta zeukan Foster eta, errotiko aldaketa baten premia sentituz, zinemagintza alde batera utzi eta txikitan ezagutu zuen Hegoafrikako itsas bazter batean murgiltzen hasi zen, kamerarik gabe, hango bazterrak ikusi eta hango arrain, molusku eta krustazeoen artean urpean igeri egin beste zereginik gabe. Haur ipuina dirudien istorio baten hasiera izan zen hori, Fosterrek itsaspeko bazter hartan ezagututako olagarro bati esker.

Ia-ia ur azpitik irten gabe ikusten da Fosterren eta olagarroaren arteko adiskidetasun istorioaren hasiera eta garapena, baina ez du itolarririk sentiarazten. Batetik, irudien balio plastiko eta estetiko ukaezinagatik, bestetik itsaspeko bizimoduaren berri istorio txiki baina samur baten ardatzaren inguruan harilkatuta ematen delako.

Zortzi urteko lana eta orotara 3.000 ordu inguruko irudi-grabazioak daude dokumental horren atzean. Dokumental onenaren Oscar saria irabazteko hautagaietako bat da My Octopus Teacher, Alexander Nanauren Collective, James Lebrecht eta Nicole Mewnhanen Crip Camp, Maite Alberdiren El agente topo eta Garrett Bradleyren Time-rekin lehian. Eztabaidagarriak izan daitezke Oscar sariak banatzeko irizpideak, baina ez da ahuntzaren gauerdiko eztula! Ez beti, baina batzuetan lan zaindu eta arretatsuak saria izaten du. Ondo egindako lanarena lehenik, bestelakoak gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.