ATZEKOZ AURRERA. Lorea Burzako. DJa eta Aluak proiektuaren sortzailea

«Garai berezian bizi gara; kontzientzia areagotu egin da»

Lorea Burzakok Aluak plataforma sortu du musikaren munduko emakumeak ikusarazi eta ezagutarazteko. Emakumezkoen kontzertuak antolatzeaz gain, fanzine bat ere kaleratuko du.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Gasteiz
2018ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Lorea Burzako DJ eta programatzaileak (Ortuella, Bizkaia, 1988) Aluak plataforma sortu du. Genero ikuspegia duen proiektuak musikaren arloan mugitzen diren profil guztietako emakumeak ikusaraztea du helburu. Ez soilik oholtza gainean daudenak; «atzean» daudenak ezagutarazteko fanzine bat ere kaleratuko du uda ostean.

Zergatik sortu duzu Aluak proiektua?

Nerabezarotik ikusi dut gauzak ez direla berdinak guztiontzat; gure kasuan, lan bikoitza egin behar da. Azkenean, aski da esateko garaia iritsi da. Azkena Rock Festibalean, esaterako, gehienak gizonezkoak dira; joan den urtean emakume bakarra egon zen. Aurten, emakumeen haserrea ikusita, zenbait talde sartu dituzte, baina DJen zerrendan zortzi gizon daude, eta emakume bat bera ere ez; eta diru laguntzak jasotzen dituzte, gainera!

Nolakoa da egoera Aluak bezalako plataforma bat behar izateko?

Azkena Rock Festibala adierazgarria da. Elkarrizketa batean, nesken presentzia faltaren eta langileen baldintzen inguruan hitz egin nien. Erantzuna izugarria izan zen: emakumeak kartelean ez egotearen arrazoia «kalitatezko bandarik ez egotea» zela esan zidaten. Nire ustez, hori esateak musika eszenan ez egotea esan nahi du. Edozein festibaletako karteletan kalitatezko emakume artistak topa daitezke. Zerrenda bat egin beharko dutemakumeak badaudela adierazteko! [barrez].

Emakumeei buruzko zer aurreiritzi daude musikaren munduan?

Denetarik: ez dagoela emakumebandarik, ez dagoela DJrik, ez direla kalitatezkoak... Nirekin kontaktuan jartzen direnean eta emakumea naizela ohartzean, batzuk harritu egiten dira. Ez dute espero emakume bat antolatzaile izatea. Azken finean, gizarteko aurreiritziak oso barneratuak dauzkagu. Nik badakit zer dagoen; betidanik egon da hau, baina aurrera jo behar da. Nire kasuan, indarrez aritu naiz betidanik.

DJa ere bazara, Mindre Folklore; zer esan nahi du emakume eta DJa izateak?

Beste emakume batzuek kontatzen didate irainak jaso izan dituztela, gehienetan gaueko momentu berezi horietan. Askotan gertatu zait gizonak sartzea nahaste mahaira doinua ondo jartzera eta nire lana zalantzan jartzera. Bestalde, gizonak beti dira «gehien dakitenak». Kosta egiten da ospea lortzea emakume izanik; gehiago erakutsi behar da, zure iritzia kontuan har dezaten egin behar denak ez du azalpenik. Ni pozik nago lortu dudanarekin, baina emakume gehiago behar dira.

Aurrerapausoak izan direla uste duzu?

Oraindik lan handia dago egiteko, baina azken urteetan zerbait nabaritu dut: gero eta jende gehiagok uste du gizartea heteropatriarkala dela eta heldu dela hori apurtzeko garaia. Lankideekin eta familiako kideekin hitz egitean, argi ikusten da orain benetako kontzientzia hartzen ari garela, eta bide ona hartua dugula. Garai berezian bizi gara; kontzientzia areagotu egin da, eta horrek lagundu du horrelako plataformak sortzen.

Lokal eta agertoki gehienetan, gizonak izaten dira ardura postuetan. Uste duzu oztopo bat izan litekeela emakumeak oholtzara iristeko?

Nik ikusi dut ez dagoela arazorik nire lana egiteko; azken finean, ez dago arazo handirik musika jotzeko edo jartzeko. Baina nabaritzen dira gauza batzuk: guztiok gara gizarte honen parte, eta denok gaude gizarte heteropatriarkal honek zipriztinduta. Batzuetan gizonak gehiago sartzen dira jartzen duzun musikarekin, besteetan haiek nahi dutena jartzeko esaten dizute...

Autogestioan eta autoedizioan oinarritzen zara, eta «zuk zeuk egin» aldarrikatzen duzu.

Bai; zuk zeuk egin, ez itxaron beste batek egin arte. Autogestioa gauzak egiteko modurik libreena dela iruditzen zait. Muga bakarra dirua da, baina dirua dirua da [barreak]. Proiektuaren logotipoa duten poltsak eta txapak saldu eta jendearen diru laguntzak jasoko ditugu.

Kontzertuak erregularki antolatzen hasiko zara. Noiz izango da hori?

Ekainaren 30ean egin genuen aurkezpenean giro itzela egon zen, eta taberna eta kalea jendez bete ziren. Oso pozik nago izan genuen harrerarekin. Hala ere, uda ez da oso garai ona kontzertuak antolatzeko. Bueltan hasiko gara, eta sorpresa politak espero ditugu. Denetariko musika taldeak ekarriko ditugu, eta zenbait talde handi ekartzen ere saiatuko gara. Ez gara Euskal Herrira mugatuko: kolaborazioak egingo ditugu Finlandiako, Amsterdamgo eta Espainiako taldeekin ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.