ATZEKOZ AURRERA. Anna Surinyach. Argazki kazetaria

«Irudi batek zerbait esnaraz dezake»

Mediterraneoan, Sirian, Kolonbian, Yemenen eta beste hainbat lekutan dituzten giza krisiak eta gatazkak kontatzen ditu Anna Surinyach fotokazetariak. Editore grafikoa da '5W' aldizkarian.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Gasteiz
2018ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Anna Surinyach (Bartzelona, 1985) argazki kazetaria giza krisiak dituzten hainbat herrialdetan egon da; besteak beste, Sirian, Kolonbian, Yemenen, ebola izurritea pairatzen duten Afrikako herrialdeetan eta Mediterraneo itsasoan egon da. Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundearekin kolaboratu du, baina egun freelance gisa dihardu. 5W aldizkaria sortu zuen beste zortzi kazetarirekin batera, eta editore grafiko ari da bertan. Gasteizko Gaurko Kazetaritzari Buruzko VI. jardunaldietan, Ellas también erakusketa du ikusgai, irailaren 2a arte.

Zer helburu dituzu argazkiak ateratzean?

Ez dakit zuzena edo okerra den pentsatzea argazki batek mundua aldatzen duela, baina horregatik soilik lan egiteak edozein frustratuko luke. Hala ere, sinesten dut egoerak kontatzen dituen irudiaren boterean, salaketa egiteko ere balio baitute askotan. Gure lanean ezagutzen ditugun errealitateak modurik zintzoenean islatzean datza, bakoitzaren ikuspegia emanez eta besteengandik ezberdinduz.

Zer fotokazetaritza eredutan sinesten duzu?

Egun, kazetaritzan erabiltzen diren argazkiekin inpaktu bisuala lortzea izaten da helburu. Nire iritziz, argazkilaritzak hori baino zerbait gehiago izan behar du: galderak piztu eta azalpenak bilatzera eraman behar zaitu. Irudi batek ezin du testuinguru oso bat eman, baina baliteke zerbait esnaraztea. Nik eredu horretan sinesten dut, nahiz eta zailagoa izan horrelako argazkiak lortzea. Estereotipoak hausten dituzten argazkiak bilatu behar dira, inor kopiatu gabe.

Nolakoak dira lan baldintzak gaur egun argazki kazetaritzan?

Espainian argazki kazetari oso onak daude, hedabide handientzat lanean ari direnak. Baina denek kanpora joan behar dute, hemen ez dagoelako inbertsiorik. Inork ez die babesik ematen, ezta lana ordaintzen ere. Argazki kazetaria oso lan egoera prekarioan dago: askok beste lan batzuk egiten dituzte, eta ahal dutenean argazkiak ateratzen dituzte. Bakoitzak bere era bilatzen du lan honetan jarduteko. Horrek guztiak kalitate informatiboa gutxitzea eragin du.

Munduan gertatzen diren gatazkak ez dira ulertzen askotan.

Mikel Aiestaran adibide gisa jarriko dut, bera izan baita Udaberri Arabiarra eta Siriako Gerra hasi zirenetik han denbora luzez egon den kazetari bat. Berak dio ez duela ezer ulertzen. Hain dira konplexuak gatazka horiek, ezin baitira guztiz ulertu. Gu saiatzen gara gatazkak modu pedagogikoan kontatzen. Zaila da arrazoiak aurkitzea, baina guk konta dezakegu nola eragiten dieten herritarrei. Nire ustez, kontatzeko moduak berriz asmatu behar ditugu, guztiok elkarrekin bizi garelako, eta haiekin enpatia eta elkartasuna izan behar ditugulako.

Nola asma daiteke hori berriz?

Uste dut espezializatu egin behar dugula. Benetan ulertzen ditugun gauzak kontatu behar ditugu. Ni hasieratik ibili naiz dokumentatzen Mediterraneoko erreskateen inguruan, eta han asko ibilia naiz. Hortaz, konta nezake zer gertatzen den han. Baina Nikaraguako gatazka azaldu beharko banu, denbora asko beharko nuke jada egina dagoena ez erreproduzitzeko. Arazoa, ordea, dirua da.

Sufritu egingo da egoera horiek ikustean.

Tira, nik herrialde horietara bidaiatzen dut horixe aukeratu dudalako, eta laguntzeko modu bat delako. Ez nuke jakingo beste ezer egiten. Gertutik ikusten ditut egoera horiek, baina denok dakigu jendea ito egiten dela Mediterraneoan edo haurrak gosez hiltzen direla. Denok eman behar dugu zerbait halakoak ez gertatzeko.

Zergatik egin duzu Ellas también erakusketa?

Herrialde batera joateko denbora gutxi izaten dugu, eta, ondorioz, emakumeen istorioak bigarren planoan uzten ditugu. Gizonak ziurrenik gehiago hiltzen dira frontean, baina emakumeek eusten diote familiari, haiek dira herrietako ardatz nagusia. Bestalde, Me Too mugimenduarekin jolastu nahi izan dut. Egia da mendebaldeko goi-erdi mailako emakumeak direla mugimenduaren parte, eta emakume gehienak ez direla identifikatzen mugimendu horrekin. Hala ere, beharrezkoa zen mugimendu hori, eta salaketak guztiz zilegi dira.

Lantzen ari zaren proiektuetako bat etxean erditzen diren emakumeei buruzkoa da. Zer erakutsi nahi duzu proiektu horrekin?

Proiektuak agerian jartzen ditu Kolonbiako, Kataluniako eta Hego Sudango gizarteen arteko ezberdintasunak. Afrikan, emakume asko ikusi ditut erditzean hiltzen. Bestalde, baneuzkan lagunak etxean erditzea pentsatzen zutenak. Tratu txarrak izaten dira ospitale batzuetan, eta emakume askok bizia arriskatzen dute etxean erdituz. Eztabaidan jarri nahi nituen bi gai horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.