Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Ilazki Gainza eta Nerea Uria. Berdintasun aholkulariak

«Erreferenteek balio dute neskek euren burua baloratzeko»

'Emariak: emakumeek historian zehar egin dituzten ekarpenen bilduma' liburua egin dute Kalaka Komunikazioko kideek, andre erreferenteak aldarrikatu eta parekidetasun tresna bat izateko.
JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maialen Unanue Irureta -

2019ko urtarrilak 25 - Donostia

Diseinu grafikoak eta komunikazio planak egiten hasi ziren, baina hortik harago doa, gaur egun, Kalaka Komunikazioaren jarduna. Aholkularitzaz eta formakuntzaz gain, bestelakoak egiten saiatzen dira, eta horrelaxe argitaratu dute Emariak: emakumeek historian zehar egin dituzten ekarpenen bilduma liburua. Ilazki Gainza (Donostia, 1986) eta Nerea Uria (Hernani, Gipuzkoa, 1985) dira Kalakaren bi sortzaileak eta liburuaren egileak.

Asko hitz egiten da kristalezko sabaiaz, baina zuek zementuzkoa aipatu duzue: zer da?

ILAZKI GAINZA: Erreferente falta horrek eragiten duen gabezia hori da. Liburuan horrelaxe definitu dugu: «Erreferente falta dela eta, edota amatasuna, bizitza pertsonala, autokritika handiagoa edota lidergoa eta anbizio profesionala ulertzeko era desberdinen eraginez, emakumeek arlo politikoan, sozialean eta enpresa munduan aurrera egiteko dituzten mugei egiten die erreferentzia».

Euskaraz egiteari garrantzia eman diozue: zergatik?

NEREA URIA: Euskaraz bizi gara, eta lan ere euskaraz egiten dugu: ez soilik gure artean, inguruko sarea ere hala izan dadin saiatzen gara. Ikastaro gehien-gehienak euskaraz eskaintzen ditugu, hala sentitzen baikara eroso. Hutsunea sumatu dugu euskarazko liburuen merkatuan gai honetan.

I. G.: Gauza asko ekartzen dira euskarara, eta ondo dago gure hizkuntzan irakurri ahal izatea atzerriko hizkuntzetan idatzirikoa. Baina zerbait euskaraz pentsatu eta sortzen denean, nabaritu egiten da.

Sufragistak, Elbira Zipitria, Hedy Lamarr... Zein irizpide jarraitu dituzue aukeratzerakoan?

I. G.: Helburuetako bat izan da emakume hain ezagunak ez izatea: beste hizkuntza batzuetan azken urteetan, zorionez, idatzi izan da Frida Kahlo, Simone de Beauvoir, Marie Curie eta abarrez. Haiek egindakoa oso garrantzitsua izan arren gaur egun gauden lekuan egoteko, beste batzuen berri ere eman nahi genuen. Bestalde, feminismoaren borrokan kolektiboa oso garrantzitsua izan da, eta argi geneukan kolektiboren bat sartu nahi genuela. Garai, herrialde eta lan arlo desberdinekoak izatea bilatu dugu aniztasun gutxieneko bat izan dadin: ez delako gauza bera Hipatiaren garaian emakumea izatea, edo gaur egun Euskal Herrian jaiotzea, beste testuinguru batean. Biografiez gain, izan zituzten oztopoak ere gogoratu ditugu: batzuk gaur egun, zorionez, ez daude, baina beste batzuk, bai.

Zergatik da garrantzitsua emakume erreferenteak edukitzea?

N. U.: Erreferenteek balio dute neskek euren burua baloratzeko: euren aurrekoak baloratuak baldin badira, errazagoa da. Gizonen lorpenak soilik baloratuz gero, gutxiago direla pentsa dezakete. Horrez gain, proiekzio profesionala izateko aukera dutela ikus dezakete.

I. G.: Garrantzitsua da, era berean, mutilentzat: haiek ere ezagutu behar dituzte, ez diezaioten esan neska bati, esaterako, «emakumeen futbola ez da hain ona, mutilena hobea da».

N. U.: Elkarren arteko tratuan ere onerako eragin dezake: mutil batek neska bat gutxiesten badu, azken batean, historiak ere gutxietsi egin duelako, orain arte egin dena erreproduzitzen jarraituko du.

Emakumeak emakumeez hizketan: hori da gaur-gaurkoz haiek ikusarazteko modu bakarra?

I. G.: Modu bakarra ez, baina badirudi gaur egun oraindik hala dela. Ez da pasatzen horrelako gauzekin bakarrik. Sentsazioa da emakumeekin lanketa handia egiten dela, baina ez mutilekin: beraien pribilegioez jabetzen ez badira, zaila da haiek ikuspegi hori edukitzea. Garrantzitsua da haiei esatea pribilegio batzuk dituztela, ez daudela emakumeen mailan, gorago baizik, nahiz eta beren asmoa ez izan. Asko, halakoak esandakoan, haserretu egiten dira, nahiz eta beren burua feministatzat izan; pertsonalki hartzen dute edo ez dute onartzen.

Jende multzo zehatz batengan pentsatuz egin duzue liburua?

N. U.: Gurasoek, kolektibo gisa hartuta, edo haurren inguruan dauden horiek —tutoreak, aitona-amonak— badute gogoa haien haurrak berdintasunean hezteko, baina ez dakite nola: tresnak falta zaizkie, eta hor jarri dugu arreta.

Kontzientzia feminista pizten edo zabaltzen ari da gizartean?

I. G.: Badirudi azken urteetan modan dagoen zerbait dela: ikusi beharko da moda hutsa den edo benetan aldaketa bat gertatu den. Azkenaldian, politikoki zuzena da esatea berdintasunaren alde gaudela, baina benetan demostratu behar denean, konturatzen gara erresistentzia asko daudela. Dena den, uste dut azken urteetan gertatzen ari den iraultza hau garrantzitsua dela.

N. U.: Iazko Martxoaren 8an mugarri handi bat ezarri zen; batez ere, emakumeen artean: ahalduntze handia izan zen, eta aurtengoa ere hala izango da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Izuturik egon naiz; baina arrazionala da?»

Iker Tubia

Energia krisiaren eta klima aldaketaren aurrean, filosofia aldarrikatu du Basartek, erabaki eraginkorrenak hartzeko ezinbestekotzat jotzen baitu arrazoian oinarritzea. Altruismo eraginkorrean aritzen da orain.
Erreserbetan bermeak eskatzen hasi dira hainbat jatetxe. ©BERRIA

Bezeroak etorriko diren esperoan

Unai Etxenausia

Jatetxeei galera nabarmena ekar diezaieke bezeroek erreserba bat egin, ez direla joango abisatu ez eta, azkenean, ez agertzeak. Horrelakoak ez gertatzeko, hainbat jatetxe bezeroei bermeak eskatzen hasi dira erreserba egiten duenean, bezeroak lotzeko eta galerak gutxitzeko.

La Zurdako kide Andrea Ganuza, bere komikia aurkezten, La Zurda Berria jaialdian, maiatzaren 24an. ©MIRARI ETXABARRIA

Artearen jaialdia, denen esku

Itsaso Jauregi

Iruñeko La Zurda Berria jaialdian tailerrak eta arte erakusketak egin dira maiatzaren 26tik ekainaren 10era. Esperimentatzeko espazio seguru bat sortzea da helburua.

Atal berria du estilo liburuak: ikus-entzunezkoena. ©BERRIA

BERRIAren estilo liburuan atal bat sortu dute ikus-entzunezkoei buruz

Urtzi Urkizu

Irizpideak landu dituzte belarrirako nola idatzi, nola ahoskatu eta azpidatziak nola egin zehazteko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...