ATZEKOZ AURRERA. Luis Caballero. Psikiatra

«Filma zein den, neurona sare batean edo bestean eragiteko aukera dugu»

Caballerok azaldu du buruko gaitz larriak dituztenek zailtasun berberak dituztela filmak ikustean eta errealitatea interpretatzean, eta horrek aukera ematen duela leheneratze terapietan bide berriak egiteko.

IHANA IRIONDO / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Film edo telesail bat ikustean, ikusleen garunaren zenbait eremu aktibatzen dira. Bada, Luis Caballero Madrilgo Puerta de Hierro ospitaleko psikiatria buruak (Madril, 1956) aztertu du eragin hori nola baliatu buruko gaitz larriak dituztenekin lan egiteko. Are, filmaren narrazio motak zenbait modutan eragin dezakeela uste du. Horren berri eman zuen joan den astean, Gasteizko Psikiatriako Gaurkotze Ikastaroen 27. aldian.

Noiz hasi ziren uztartzen psikiatria eta ikus-entzunezko ekoizpenak?

Beti jarri dira filmak ospitaleetan eta gaixoak suspertzeko zentroetan. Asmo terapeutiko handirik gabe egin izan da, denbora eman dezaten taldean, zerbaitetan. 2008an, beste bide bat hasi genuen:medikuek sistema bat abiarazi genuen film bat ikusi ondoren gaixoekin hitz egiteko, haiek filmean antzemandako distortsioak zuzentzeko.

Zer dago ideia horren oinarrian?

Eskizofreniaren eta buruko halako gaitz larrien ondorioz, garunaren eremu batzuetan disfuntzioak gertatzen dira. Eremu horiek aktibatzen dira filmak ikustean. Beraz, laburbilduz, eskizofrenia duen norbaitek zailtasun berberak ditu film bat ikustean eta errealitatea interpretatzean.

Nola antzematen zenituzten distortsio horiek?

Sekuentzien araberako entrenamendu gidatua deitutakoa baliatuta.

Zertan datza?

Filma taldean ikusi, sekuentzia bakoitza aztertu, eta, azkenik, filma berriz ikusi. Sekuentzien azterketa egitean, antzematen da ea norbaitek ikusitakoaren interpretazio ezberdina egin ote duen: pantailan gertatu ez den zerbait ikusi ote duen, edo beste modu batean ulertu ote duen. Horri buruz hitz egiten da, taldean. Filmean antzemandako distortsioak zuzentzen baditugu, kaltetutako eremu horiek suspertzen laguntzen dugu nolabait.

Hasierako ikerketa egiteko The Sopranos telesaila baliatu zenuten. Zergatik?

Aurretik askotariko filmak ikusi genituen. Azkenik, teknika ondo zehaztuta genuela, saio kliniko bat egin genuen. Orduan, telesail hori aukeratu genuen, guztion artean. Parte hartuko zutenen interesa pizten zuen, eta narrazioaren egitura klasikoa zen, nolabait esateko. Baina, kasu horretan, aukeratutako telesaila euskarria baino ez zen, horren gainean lan egin ahal izateko.

Zer emaitza izan zituen ikerketak?

Bi talde egin genituen: batean, ez zen lanketa berezirik egin ikusitakoaren gainean, eta, bestean, sekuentziak aztertu genituen. Hamahiru aste iraun zuen. Aipatu teknika baliatu zuten pazienteek hobera egiten zuten sintoma guztietan, besteekin alderatuta.

Non sumatu zen gehien?

Haluzinazioak eta delirioak nabarmen urritu ziren. Gaitzaren ondorioz galtzen den horretan ere hobekuntzak egon ziren: afektibitatean, logikan, motibazioan...

Gerora, beste telesail batekin egin duzue saiakera, beste narrazio mota batekin.

Ezohiko narrazioa duen telesail bat aukeratu genuen: Twin Peaks-en hirugarren denboraldia. David Lynchek zuzendu zuen: denboraren perpektiba ezberdina du, espazioarena ere bai; pertsona berak hainbat pertsonaia irudika ditzake. Hori gure garunean ere sartzen da, eta uste dugun baino gehiago baliatzen dugu.

Zergatik?

Ohiko telesail bat ikustean, garunak txiki-txikitatik erabili dituen eremuak baliatzen ditu, lehen ipuina entzutean aktibatu zirenak. Lynchek baliatzen duen narrazio motak garunaren beste gune batzuk jartzen ditu martxan.

Horrek zer ondorio izan ditzake?

Antagonikoak diren bi neurona sare ditugu: lehenetsitako neurona sareak eta funtzio exekutiboen sareak. Sare horietako bat aktibatuta dagoenean, bestea ez dago aktibatuta. Bada, nire hipotesia da ohiko narrazio bat ikustean lehenetsitako sarea aktibatzen dela, eta ezohiko narratibek funtzio exekutiboena aktibatzen dutela.

Horrek zer eragin izan dezake gaixoengan?

Aipatu dute arreta handiagoa jarri behar dutela. Azkenean, ohiko istorioekin baino askoz gehiago gozatzen dute. Ikuspuntu terapeutikoari dagokionez, esan dezakegu teknika bera baliatuta garunaren neurona sare batean edo bestean eragiteko aukera daukagula, ikus-entzunezkoaren arabera.

«Hipotesi» hitza aipatu duzu.

Oraingoz, saio klinikoetan baino ez dugu garatu. Ikerketa bidez egiaztatu beharko litzateke, eta horretarako inbertsio handia behar da. Baina teknika bere horretan oso erabilgarria da. Ez du inbertsio handirik behar, merkea da, edonon egin daiteke, eta edonork ikas dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.