Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Jesus Moraza Zarate. Urrezko Zeledon sariduna

«Ezin da egon musikarik gabeko jairik»

Musikari oso lotuta dago Moraza; ogibide izan zuen, eta, erretiratu zenetik, ez da geltitu. Besteak beste, auroroen ohitura pizten lagundu du: jaiak kalez kale kantuz iragartzen duten kantarien ohitura.
JAIZKI FONTANEDA / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jon Rejado -

2019ko abuztuak 9 - Gasteiz

Musika doinuekin heldu dira aurtengo Urrezko Zeledon sariak. Joselu Anaiak taldeari eta Jesus Moraza Zarate txistulariari (Gasteiz, 1942) eman diete sari hori, hiriaren alde egindako lana eskertzeko. Musikari oso lotua egon da Moraza, txistuari nagusiki. Besteak beste, Arabako Foru Aldundiko eta Gasteizko Udaleko Txistulari Bandetako kide izan zen, txistulari, zuzendariorde eta zuzendari gisa. 2007an erretiroa hartu zuen arren, ez du txistua ezpainetatik urrundu.

Zer da zuretzat Urrezko Zeledon saria jaso izana?

Hedegile kaleko gasteiztar batentzat, hemengo jaiak maite ditudan heinean, oso handia da. Ezustean hartu ninduen izendapenak; eskerrak eman baino ezin dut egin.

Aurten musikak berebiziko garrantzia izan du izendapenetan.

Joselu Anaiei eman diete, bai. Talde horretako Jose Luis Ruiz de Gordoa laguna dut, gainera. Jesus Guridi kontserbatorioko musika irakaslea izan da urteetan, nirekin batera.

Zer lotura dute musikak eta jaiak?

Musikarik gabeko jai batzuk? Ezinezkoa da hori. Ezin da egon musikarik gabeko jairik. Musika bizitzaren onena da. Modu askotan bizi izan dut hori: Udal Musika Bandarekin klarinetearekin, Udaleko Txistulari Bandarekin, Aldundiko Musika Bandarekin...

Erretiratu zinen arte.

Hala da, eta orain jotzen dut nik nahi dudalako, nik nahi dudanean. Eta hori horrela denean ateratzen dira ondoen gauzak.

Hain da handia aldea musika ogibide moduan jotzearen eta zaletasun gisa jotzearen artean?

Errotiko aldea dago! Aitortu behar dut lanean ere oso ondo pasatu dudala txistuarekin, eta musika jotzen. Baina ordainpeko musikaria izateak bazuen bere alde txarra.

Zein?

Mendira hiru egunerako joateko plana egin ondoren deitzen zizuten: «Pertsona hau etorriko da, eta jo beharko duzu». Orain, baina, nahi dudana jotzen dut, nahi dudanean, nahi dudanarentzat. Askoz hobea da hori.

Musika zainetan daramazu. Zure aitak Aldundiko Bandan ere jo zuen, atabalari gisa.

Musikaria zen aita. Udal Bandan ere klarinetea jo zuen urteetan. Aita musikaria izateak alde ona zuen, baita txarra ere. Egunero errepasatu behar nuen lezioa harekin, eta ez baldin banekien...

Noiz izan zenuen argi zure bidea musikari izatea zela?

Industria maisu izateko ikasten ari nintzenean. Irakasle batek galdetu zidan: «Moraza, zuk zer egin nahi duzu etorkizunean: hemen ikasten ari zarenarekin jarraitu, edo zure musikarekin?». Hurrengo egunean, argi esan nion: «Nire musikarekin». Matematikekin aspertu egiten nintzen, eta musikarekin ondo moldatzen nintzen!

Auroroak —jaiak kalez kale iragartzen dituzten kantariak— berreskuratzen laguntzeagatik ere eman dizute saria.

Gasteizen desagertuta zeuden, baina Arabako Errioxan eta Nafarroan bazirauen ohiturak. Ricardo Sanez de Herediak aipatu zidan gai hori, Andre Maria Zuriaren Kofradiako abadeak, eta hor hasi ginen lanean. 2009an, zerbait xumea egin genuen, eta, gerora, pisua hartuz joan da. Ordutik, urtero arduratu gara musikaz eta hitzak egiteaz.

Abuztuaren 4ko Farolen Arrosarioarekin ere lotura handia duzu... Ez al dizu Gasteizko ohitura batek ere ihes egiten?

Ez al dut esan oso gasteiztarra naizela? [Barrez]. 18 urte ingururekin hasi nintzen joaten Farolen Arrosariora. Herritar gisa joan ez naizen bakarretan lanean nengoelako zen, Udal Txistulari Bandan. Orduan prozesioaren buruan joaten nintzen, udal ordezkariekin batera.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / @FOKU

«Ez gara gelditzen; gu oraindik hor gaude, lehen lerroan»

Ane Insausti Barandiaran

Lasarteko emakumezkoen lehen saskibaloi taldeko kidea izan zen Zumeta, eta han sortu zen Urrezko Neskak taldea. Geroztik, ikuskizun ugari egiten dituzte elkarrekin. Ibilketa nordikoan eta abesbatzan ere aritzen da: «Ez gara etxean egotekoak».
Ataungo Barandiaran museoan elkartutako emakumeak, atzo. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Lihoaren txirikordak

Enekoitz Telleria Sarriegi

Makrame ikastaro berezia egin dute Ataungo Barandiaran museoan, lihoa erabiliz. Landare hori zuntz bihurtu arteko prozesuaren eta Euskal Herrian izan duen garrantziaren berri izan dute.
 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Alderdi Errepublikano osoa ustelduta dago»

Urtzi Urkizu

Deustuko Unibertsitateak antolatutako hitzaldi batean parte hartu du Careyk. AEBetan paperezko egunkariak topatzea oso zaila dela azaldu du, eta egunkari txikiak desagertzeak kalte egiten diola demokraziari.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Jon�Rejado

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.