ATZEKOZ AURRERA. Jesus Prieto Mendaza. Blusa eta antropologoa

«Ez dugu lortzen 'elementu magiko' hori; zerbait falta da»

Prietok hiru ardatzetan laburbildu du zer den blusa edo neska izatea: adiskidetasuna bizitzea, jaien alaitasuna zabaltzea herritarren artean, eta kuadrillan ibiltzea ez baliatzea inori errespetua galtzeko.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Jesus Prieto Mendazak urteetako eskarmentua du blusa jantzita. Gasteizen heldu zen mundura, 1957an, baina mundu hori Kanpezun (Araba) ezagutu zuela zehaztu du. Nazioarteko eta Kulturarteko Ikerketetan doktorea da, Deustuko Unibertsitatean. Bereziak kuadrillaren babesarekin, iaz, erabaki zuen blusa eta nesken inguruko gertakariak biltzea liburu batean: Blusen eta nesken pasadizoak, kontatzeko modukoak direnak. «Etorkizunean horrekin segitu; dagoeneko badugu zer idatzi».

Nolakoa izan da pasadizo horiek guztiak biltzeko prozesua?

Ahozko istorio asko daude. Txikitatik ibili naiz mundu horretan. Aitarekin bizi izan nituen; orduko gertaera asko ditut kontatzeko. 2011n, Bereziak kuadrillarekin ere, liburu bat argitaratu genuen, antropologiaren ikuspuntutik; harrera ona izan zuen. Honekin bildutako dirua Gurutze Gorriarentzat izango da.

Aita blusa zenuen. Zainetan daramazu, beraz?

62 urte bete ditut, eta aurten ere atera naiz, egunero. Bereziak blusa eta neska kuadrillak 40 urte bete ditu. Alegia, ospatzeko urtea da!

Aurretik beste kuadrilla bateko blusa jantzi izan duzu, ordea.

1978an atera nintzen lehengoz blusa kuadrilla batean, Azkenak izenekoan. 1980ko hamarkadaren amaierara arte egon nintzen, eta gerora Bereziak kuadrillan sartu nintzen. Lehen urte horretan soldaduskan nengoen, Cordoban [Espainia].

Eta soldaduskatik atera zinen jaietara etortzeko?

Jose Angel Cuerdak, garai hartako alkateak, gutun bat bidaltzen zuen blusa kuadrilletan parte hartzen genuen gasteiztarron kuarteletara. Hiriarentzat egitasmo kulturalak sustatzen zituen elkarte bateko kideak ginela, eta baimena emateko.

Liburu honi ere ikuspuntu antropologikoa eman diozu?

Aurreko liburuan landu nuen hori: erritualak, totem elementua... Landa lanarekin ari nintzela, 2010ean, El Correo egunkariaren azalean agertu nintzen: purua eskuan, tontoarena egiten. Ikasle batek, argazkia handitu, eta unibertsitateko korridoreetan jarri zuen. Dekanotzan azalpenak eman behar izan nituen. Oraingo liburua friboloagoa da.

Sarreran, baina, egungo egoerari buruz hausnartzen duzu, eta zailtasunez hitz egiten duzu...

Elementu magikoa falta da orain. Blusek eta neskek zezenetara joateko eta itzultzeko bidea egiten zuten garai batean. Gaur egun, zezen plaza ordezkatuko duen leku horren bila ari gara.

Saiakerak egon dira...

Pilota, herri kirolak... Blusa eta Nesken Batzordea eta Gasteizko Udala lan egiten ari dira, baina ez dugu lortzen elementu magiko hori. Zerbait falta da. Iñaki Herrerak, urteetan Blusa eta Nesken Batzordeko presidentea izandakoak, ondo laburbildu du: «Leku batera goaz, baina ez gara heltzen, eta egon ez garen leku batetik itzultzen gara».

Horrek nolabait eragiten du?

Garai batean jendetza joaten zen zezenetarako ibilaldiak ikustera. Egun ere jendea joaten da kalejira ikustera, baina ez garai batean beste.

Jaiaren «neurrigabekeriaz» hitz egiten duzu liburuaren sarreran.

Oreka behar da jaietako neurrigabekeriaren eta onartu ezin den gehiegikeriaren artean. Beti defendatu dut mundu guztian, berdin dio non, bi garai daudela: egunerokotasuna eta ezohiko garaia, hots, jaiak. Horiei lotuta dago neurrigabekeria, munduko leku bazter guztietan, eta egitura komunak dituzte.

Zeintzuk?

Botereari kritika egiten zaio, betiere unean uneko egoeretara egokituta; frankismoaren azken txanpan, kuadrillen pankartak ziren horren adierazle. Horrez gain, ohiko egunetan baino gehiago jaten eta edaten da. Horietako batzuk egokituz joan dira, gizartearekin batera.

Liburuan hainbat adibide jartzen dituzu: Zerriaren Eguna...

Adibide asko dira aldaketa horien erakusgarri. Duela hainbat urte, jaia gizonena zen, eta gizonentzat. Gaur egun, kuadrillen barruan ez dira onartzen garai bateko jarrerak: generoagatik, sexu hautuagatik... Garai batean askoz alkohol gehiago edaten zen egun baino. Orain alkoholik gabeko garagardoa ere eskatzen dute batzuek, adibidez.

Aipatutako guztia aipatuta, zer da zuretzat blusa edo neska izatea?

Nire aitak jaien hiru ardatz aipatu zizkidan, eta horiek edozein garairako balio dute. Batetik, lagunekin ondo pasatzea, kalean disfrutatzea eta adiskidetasuna bizitzea. Bestetik, alaitasun hori transmititzea kalean dauden pertsonei: gurpil aulkian dagoen amonarekin dantza egitea...

Eta hirugarrena?

Kuadrilla batean ibiltzea ez baliatzea besteenganako errespetua galtzeko. Hori egiten duena ez da inoiz izango blusa edo neska ona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.