ATZEKOZ AURRERA. Maddi Zubillaga. Zirgariko kidea

«Saretuta gaude, eta hor izango gaituzte»

Bigarren urtez, eraso sexisten aurkako protokolo bat jarri du martxan Donostiako piratetako lantalde feministak. Zirgariek sokari tiraka lan egiten zuten indar berberarekin egingo diote aurre eraso bakoitzari.
JON URBE / FOKU

Amaiur Irastorza Adin -

2019ko abuztuak 13
Maddi Zubillaga (Donostia, 1991) Donostiako Piratetako Zirgari lan taldeko kidea da. Donostiako piratetako lantalde feminista da Zirgari, eta, urte guztiko talde lan eta esfortzuarekin, eraso matxistetarako protokoloa eta erantzuna prestatzen dute Aste Nagusirako. Duela bi urte sortu zen, hutsune handi bat betetzeko asmoz, eta jaietan piraten gunea jai girorako leku aske eta seguruago bat izaten ahalegintzen dira. Erasoak onartzen ez dituztela «ozen adierazi», eta gertatzen diren erasoak salatzen dituzte.

Zer egiten duzue eraso baten berri ematen dizuetenean?

Egia esan, gu ez gara adituak, baina, guztion indarrak batu, aliantzak sortu, eta ahal duguna egiten dugu. Prestatua dugun protokoloa martxan jartzen dugu puntu moretik. Erasotua gurera iristean, harrera goxoa eman, eta gure babes guztia helarazten diogu. Galdera batzuk egin, eta, ahal den azkarren, erasotuaren nahien araberako erantzuna prestatzen hasten gara. Erasoaren salaketa publiko egitea erabakitzen badu, kontzertua eta barra gelditu egiten dira; megafoniatik mezu bat helarazi, eta eraso bat egin dutela adierazten da. Erasotzailea gunetik kanporatzeko aukera ematen dugu, eta hurrengo egunerako elkarretaratzera deitzen dugu Donostiako talde feministarekin batera.

Aurreko urteko lehen esperientziatik zer balorazio egin zenuten?

Taldearen balorazioa positiboa izan zen. Lehen aldia zen puntu morea jartzen zena, eta nahiko kaosa izan zen astea; batzuetan gogorra egin zitzaigun. Dinamika eta egoera batzuetan zalantzak izan genituen, baina horrek indarrak batzeko eta taldea sendotzeko balio izan zigun. Aurten ere gogotsu eta indarrak bilduta etorri gara bueltan.

Aurten, puntu moreaz gain beste zerbait egiten zabiltzate?

Bai, gure presentzia ikusgarriago egiteko eta erasoen aurrean aliantzak daudela erakusteko, besoko moreak banatzen ditugu puntu morean, eta protokoloaren berri duen emakume oro gonbidatzen dugu besoko hori jartzera. Modu honetan, erasotua izan den pertsonak errazago identifikatzen eta gertu izaten gaitu laguntza eskatzeko.

Zuen protokoloa Flamenka gunera bakarrik mugatzen da?

Gure eremu eta helburu nagusia piraten gunea da, baina edozein tokitan erasotua izan den edonori ematen diogu laguntza. Parte Zaharreko tabernetan ere gure protokoloaren berri ematen duten kartelak zabaldu ditugu, eta, gainera, aipatutako besoko moreekin, kaia ez den beste guneetara ere iristen zaio jendeari gure berri.

Zer mezu helarazi nahi diozue Zirgaritik aste honetan Donostiara gerturatuko den jendeari?

Edozein eraso gertatuko balitz, piraten gunean gaudela laguntza emateko, eta (0034) 677-18 33 40 telefonoa ere eskuragarri egongo dela 24 orduz. Indarrez gaudela, saretuta gaudela eta erasoren bat gertatzekotan hor izango gaituztela. Ez dago besterik; gizartean aldaketarik egon ezean borrokan jarraituko dugu.

Zergatik sortu zen lantaldea?

Udalean lanketa falta handia zegoela iruditzen zitzaigun, eta, gainera, iruditu zitzaigun gure gunean beharrezkoa zela guk geuk, piratok, aurrera emandako lanketa bat. Lehen, Talaia taldea arduratzen zen eraso sexisten aurkako protokoloaz, baina duela bi urte desegin zen. Hurrengo urtean, soilik telefono zenbaki bat jarri zen martxan, eguneko 24 orduetan funtzionatzen zuena, eta hutsune handia nabaritu genuen, bai kanpora begira, bai barnera begira.

Zeinek osatzen duzue taldea?

Talde motorea seiren artean eramaten dugu. Asmoa zen kofradia bakoitzeko emakumeren bat batzea, errealitatea bestelakoa da. Gero bai, jaietako astean jende gehiago behar dugunetan, kofradietako jendeak ere laguntzen digu. Haiekin betetzen ditugu puntu moreko txandak, esaterako.

Nondik atera zenuten Zirgari izena?

Taldekide batek zirgarien inguruko zerbait irakurri zuen koadro baten azalpenean, eta haien inguruko informazioa bilatzen hasi zen. Zirgariak kaietako langileak ziren; zirga izeneko soka luze batetik tiraka, ontziak ertzera edo ibaian gora ekartzen zituzten. Jakin dugu garai batean gehienbat emakumeek egiten zutela lan hori, eta aproposa iruditu zitzaigun. Gainera, itsasoarekin zerikusia zeukan, eta hala izendatu genuen lan taldea.

Nola ikusten duzue egungo gizartea, eta batez ere jai giroa?

Oso kutsatuta. Pixkanaka ikusten dugu aurrerapausoak ematen ari garela eta kontzientzia sakonagoa dela; hala ere, lanketa sakon baten beharra sumatzen dugu. Gazteen ikuspuntu eta jarrerek kezkatzen gaituzte gehien. Egungo gizartean lan asko dugu egiteko oraindik, eta erroetara jo behar dugu partxeak alde batera utzi eta benetako aldaketak egiten hasteko.

Informazio osagarria