ATZEKOZ AURRERA. Maialen Irastorza eta Agara Agirre. Dinaguko kideak

«Konpetentzia garela saldu digute, eta buelta eman diogu horri»

Dinagu proiektuarekin, elkarlanean dabiltza Irastorza eta Agirre sortzaileak, beste bi lagunekin batera. Haien sorkuntza lanak abuzturako ireki duten Zarauzko Pop Up dendan dituzte salgai.
GORKA RUBIO / FOKU

Amaiur Irastorza Adin -

2019ko abuztuak 27
Maialen Irastorza (Oiartzun, Gipuzkoa, 1989) eta Agara Agirre (Usurbil, Gipuzkoa, 1985) sortzaileak dira, eta Dinagu proiektua sortu dute beste bi emakume sortzailerekin batera. Irastorzak poltsak eta motxilak egiten ditu. Agirrek autore bitxigintza egiten du; zilarra eta beste zenbait material berritzaile erabiltzen ditu, eta berak egiten du bitxien sorkuntza prozesu guztia. Ilazki Lili eta Edurne Kortabarria dira proiektuko beste bi kideak; Lilik jantziak egiten ditu, eta Kortabarriak emakumeen askotariko gorputzak ilustratzen ditu hainbat formatutan. Produktuak saltzeko denda eta postuak ipintzen dituzte elkarrekin. Abuztuan, Pop Up denda jarri dute Zarautzen (Gipuzkoa).

Nolatan elkartu zineten, eta Dinagu proiektua sortu?

MAIALEN IRASTORZA: Gabonetan merkatu bat antolatzen da Donostian, Urumea ibaiaren ertzeko pasealekuan, eta nik bakarrik aurkezteko asmoa nuen hasieran. Agarak eta Ilazkik mezu bat bidali zidaten, bakarka joan beharrean sortzaile batzuk elkartu eta postutxoa batera ipintzeko proposatuz, eta hala hasi zen dena.

AGARA AGIRRE: Ilazkik eta nik jada ezagutzen genuen elkar. Sortzaile gehiagorekin elkartu nahi genuen espazioa konpartitzeko eta gastuak banatzeko. Maialenekin eta Edurnerekin elkartu, eta azoka hartarako kontua izango zenak aurrera egin zuen. Konpetentzia garela saldu izan digute, emakume gisa eta baita sortzaile eta eskulangile gisa ere; guk horri buelta eman nahi izan diogu. Dinagu proiektuan, elkarlanean eta elkarri lagunduta egiten dugu lan.

Ildo berean egiten duzue lan? Gai eta estilo berak dituzue?

A.A.: Berez, ez; nork bere kabuz egiten du lan. Egia da gero, postuak elkarrekin jarri izan ditugunetan, konturatu garela oso ondo josten direla lauron produktu eta estiloak.

Zergatik Dinagu izena? Mezuren bat helarazi nahi duzue harekin?

A.A.: Bai; izen gehiago bagenituen aukeran, baina honekin identifikatuta sentitzen ginen laurok. Lau emakume artisauek halako proiektu bat sortzeko ahalmena; ahal dinagu, egingo dinagu...

Nola erabaki zenuten eskulangintzan jardutea?

A.A.: Euskal Filologiako ikasketak bukatu, eta eskolak ematen aritu nintzen hasieran. Eskulanetan zerbait egiteko gogoa nuen aspalditik, eta dena utzi nuen. Bitxien inguruko bi ikastaro egin, eta maitemindu egin nintzen bitxien munduarekin.

M.I.: Nire ama jostuna zen, eta nik ere egiten nituen gauzatxoak. Lehenengo haurdunaldian, denbora libre asko izan nuen, eta motxilak eta poltsoak egiten hasi nintzen. Inguruko jendeari gustatu, eta enkargu batzuk izan nituen. Mutilak eta biok marka bat sortzea erabaki genuen, eta, hala, zaletasun bakarrik izateari utzi, eta lan bihurtu zen.

Bizi al daiteke sorkuntzatik?

A.A.: Oso lan prekarioa da; ordu asko sartu behar dira, eta, gainera, lan tenporala izaten da, garaikakoa. Salmentak udan eta Gabonetan izaten dira gehiago. Askotan ez digu bizitzeko adina ematen, eta beste lan txiki batzuk ere egin behar izaten ditugu noizbehinka.

Zein da emakumeen egoera sorkuntza munduan?

M.I.: Gure arloetako eskulangile gehienak emakumeak gara. Honetaz bizitzea ez da erraza inorentzat, baina gutxiago guretzat, emakume izateak dakarren gainkargarengatik. Geuk egiten ditugu produktuak, eta gerta dakiguke bizitzako zenbait etapatan proiektua guztiz gelditu behar izatea.

Pop up dendak egiten dituzue; zer da hori, eta zergatik formatu hori?

M.I.: Jarri eta kendu egiten den zerbait da, iraupen laburrekoa dena. Donostian, Getarian eta beste zenbait herritako azoka txikietan izan gara Zarauzko denda zabaldu aurretik. Proiektua sortu berria da, eta formatu ezberdinak probatzen ari gara oraindik. Urteko garai bakoitza ezberdina da, eta, luzera begira ezer finkaturik ez dugunez, nahiago dugu iraupen mugatuko dendak ireki, oraingoz.

Bata usurbildarra da, eta bestea oiartzuarra, eta Zarautzen duzue denda; zeren arabera aukeratzen duzue denda jartzeko herria?

A.A.: Gustatuko litzaiguke gure herrietan ere dendak jartzea, baina, errealitatera etorrita, zaila da. Salmentak behar ditugu, eta, kostaldeko halako herrietan, tokiko jendarekin eta kanpotik etorritako horrenbeste turistekin, errazagoa da.

Abuztua bukatzean, zer?

A.A.: Balorazioa egingo dugu, eta ikusiko da. Zarauzko dendan beste bi lagunekin batera egin dugu lan. Sortzaileen artean saretzeko sortu zen proiektu hau, eta garrantzitsua iruditzen zaigu horretan jarraitzea. Irekita gaude, eta ez dakigu zer etorriko den.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: