ATZEKOZ AURRERA. Edurne Caballero eta Ana Santidrian. Biela y Tierra proiektuko kideak

«Aurkitu ditugun zailtasunak eta mina uste baino handiagoak dira»

Lurralde subiranotasuna, mugikortasun iraunkorra, agroekologia eta ekofeminismoa, horiek dituzte helburu Caballerok eta Santidrianek. Bidean dira.

Iker Tubia.
Iruñea
2019ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Udan, besteak beste, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan barrena ibili dira bizikletaz, elikadura subiranotasunean eta agroekologian oinarritutako proiektuak ezagutzen. Biela y Tierra egitasmoak 115 proiektu ezagutarazi nahi ditu, eta horretan ari dira Edurne Caballero (Bartzelona, 1976) eta Ana Santidrian (Burgos, Espainia, 1987). Ekainetik urrira, 2.500 kilometro eginen dituzte Iberiar penintsulako iparraldean. Azken egunak dituzte Nafarroan, eta Irurozkin erantzun diete galderei, Egillor borda ezagutu ondoren. Interneten ematen dute ikasitakoaren berri.

Elikadura subiranotasuna eta halako kontzeptuak zabaltzeko beharra dago oraindik ere?

EDURNE CABALLERO: Sektore batzuek barneraturik dituzte, baina kontzeptu hauek benetan ez dira ezagutzen. Iruditeria kolektiboaren parte izan daitezen nahi dugu.

ANA SANTIDRIAN: Eguneroko solasaldietan agertuko balira, orduan aurkezten ahalko lirateke ingurumen, gizarte, ekonomia eta lurralde krisiaren benetako alternatiba gisa. Beraz, jendeari kontzeptuok modu praktikoan hurbildu behar zaizkio.

Zer aurkitu duzue bidean?

A.S.: Bagenekien landa eremua ikusezina dela eta erakundeek ez dietela erraztasunik ematen halako proiektuei, baina uste baino handiagoak dira aurkitu ditugun zailtasunak. Askok esan digute urte hauetan nahi duten horretan lan egiten baino gehiago, bidetik harriak kentzen aritu direla: burokrazia, salmenta... Elikagaiak eskuratzeak izan beharko luke zailena, baina zailtasun handienak oztopoak eta salmenta dira.

Egoera ezberdinak ikusi dituzue?

E.C.: Bai. Bizkaia eta Gipuzkoa eremu txikiak dira, ongi komunikatuak, eta populatuagoak. Erraztu egiten du horrek. Gainera, Euskal Herrian batasun handia dago arazoei aurre egiteko.

Zein da arazo nagusia?

E.C.: Esplotazio txikietara batere egokitzen ez diren esparruak ezartzen dira. [Espainiako] Gobernuak onartutako zuzeneko salmentaren legea tokian-tokian jarri behar da indarrean. EAEn osasun lege malgua ezarri da, salmenta lurraldera mugatuz. Hori askoz ere gehiago egokitzen zaio esplotazio txikien errealitateari.

Erakundeek noraino lagundu beharko lukete sektorea?

A.S.: Administrazioen babesa garrantzitsua da, aldaketa oso handia izaten baita hori gertatzen denean.

E.C.: Elikagunea da horren ereduetako bat: erakundeek jendearen nahiei erantzun diete.

Zergatik da garrantzitsua proiektu hauen berri zabaltzea?

A.S.: Alternatiba bakarra da pertsona guzientzako baldintza onak eskainiko dituen planeta bizigarri bat izateko. Fokua filosofia agroekologikoan, elikagai subiranotasunean, ekofeminismoan eta mugikortasun iraunkorrean jarri ezean, ez dago etorkizunik.

Proiektuak ez ezik, ekoizleak aipatzen dituzue etengabe.

E.C.: Industria garapenak eta hiri eta landa eremuak banatzeak berekin ekarri du kontsumitzaileak ekoizleetatik aldentzea. Ekoizleen aurpegia, bizitza eta esperientziak urruti direnei gerturatuta, haiekiko lotura sortzen da, eta balioa ematen diogu egiten dutenari.

Saltoki handietan ekologikoak sartzeak zer ondorio ditu?

E.C.: Kontsumitzaileak soilik zigilua bilatzen badu, ez badu ekoizlearekiko kezkarik, arazo bat izanen da, beti ez baita bertako produktua, eta ez baitituzte ekoizleak ongi zaintzen. Ekoizle batek esan zigun sistemak eta saltoki handiek bere egin dutela ekologismoak egindako lan guzia.

Zergatik erabaki duzue bidea bizikletan egitea?

E.C.: Bizikleta aldarrikapen bat da, baina, horretaz gain, askoz ere gehiago konektatzen gaitu bidearekin. Bidaia bizitzeko eta sentitzeko modua baldintzatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.