ATZEKOZ AURRERA. Itxaso Aristizabal. Piano jotzailea

«Gaur egun askotan jotzen dugu Youtubera bertsioak ikusteko»

Valentin Larrearen doinuak berpiztuko ditu gaur Aristizabalek. Ez zuenez erreferentziarik, kontzertuaren prestaketa «ezerezetik» egin du, eta hori erakargarri egin zaio: «Nire ukitua eman diot».

GORKA RUBIO / FOKU.
Iker Tubia.
2019ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Valentin Larrea musikagilea hil zen urte berean sortu zen Itxaso Aristizabal piano jotzailea (Irun, Gipuzkoa, 1970). Orain, esku artean ditu Larreak idatzitako obrak, musikagilearen familiarengandik jasotakoak. Ahantzita gelditutako doinuak berriz ere oholtzara igoko ditu irundarrak, gaur, Iruñeko San Zernin elizan, 20:00etan.

Kontzertua Valentin Larrearen biloben proposamena izan zen?

Eskuz idatzitako partitura batzuk ekarri zizkidaten, haien amak kutxa batean gorde zituenak. Bilobek ez zuten inoiz entzun musika hori. Proiektua kontatu zidatenean, esan nien xarma handia zuela. Bazuen arima proiektu horrek. Etxean begiratu nituen, eta segituan konturatu nintzen oso gauza politak zeudela: aberatsa zen. Baietz esan nien.

Zein izan zen biloben erantzuna?

Eurek, kontent, erraztasun guztiak jarri zizkidaten, eta askatasun guztiarekin egin dut lan. Handik hilabete batera edo, lehenengo irakurketa bat egin nuen, eta hunkitu egin ziren. «Amak hau entzungo balu», esaten zuten. Nire esku utzi zuten obren aukeraketa. Egia esan, bidea erabat erraztu didate. Atzera-aurrera guztiak eurek egin dituzte. Musikariek denbora eta energia pila bat galtzen dugu hara eta hona deika, baina, orain, primeran sentitu naiz, pianoan aritu naizelako bakarrik.

Nola antolatzen duzu autore baten obrei buruzko kontzertu bat?

Oso desberdina da literatura pianistikoan oso ezagunak diren piezak jotzea —Brahms, Chopin...— edo pieza ezezagunak hartzea. Hau ez du inork jo; ez daukazu inongo erreferentziarik. Lehen pausoa eskuz egindakoa begiratzea izan da: notez gain dauden ohar guztiak. Larreak den-dena jartzen zuen, espresio eta argibide pila bat. Gero, alabak ordenagailura pasa dit dena. Ondoren, irakurketa eginez eta erabakiak hartuz joan naiz: zer kolore eman, zer ukitu... Denetariko obrak daude: folklore kutsua dutenak—erromeria, zortzikoa...—, erromantizismoko pianoa gogoratzen dutenak, poetikoagoak direnak —Evocación Vasca, Meditación...—. Atmosferak bilatu behar dira: zer sentsazio sortzen dizun eta hori nola transmititu erabaki.

Obra hauek ez ziren ezagutzen?

Bere garaian ezagutu ziren, baina, ez denez grabaziorik izan, ez dira gaur egunera iritsi.

Larrearen obrak berriz igoko dira oholtzara, beraz. Kontzertu berezia izanen da?

Bai, dudarik gabe. Familiarentzat badu alor sentimental oso indartsu bat. Lehenengo entzunaldiak oso hunkigarriak izan dira haientzat. Biloba batzuk aitonaren ondoan egon ziren musika idazten zuen bitartean. Atzera egiten dute, aitonarengana. Ama ere asko aipatzen zuten, beti esaten baitzuen musika horrekin zerbait egin behar zela. Niretzat ere oso kontzertu berezia da.

Beste euskal autore batzuk ikertu izan dituzu. Interesatzen zaizu bertako autoreak ezagutaraztea?

Bai. Esther Barandiaranekin duoan egin nituen ikerketa batzuk. Honen nahiko antzekoa izan zen Aita Madinaren obra errekuperatzeko egin genuena. Gero Aita Donostiaren integrala egin genuen, lau eskutarako.

Lan honek zer du erakargarri?

Kasu honetan gehien erakarri nauena da ez neukala inolako erreferentziarik. Izan ere, gaur egun, askotan jotzen dugu Youtubera bertsioak ikusteko. Oraingoan, ezerezetik sortu dut. Beste piano jotzaile batek hartuko balu hau ez dakit nola joko lukeen; nik nire ukitua eman diot, eta momentuz hori baino ez dago. Sormen lan oso-oso erakargarria izan da.

Alde handia dago duotik bakarka aritzera?

Niri beti asko gustatu zait ganbera musika: taldeetan jotzea, duoan... Orain, askotan abeslariei laguntzen jotzen dut. Hori pila bat gustatzen zait, zerbait berezia sortzen delako. Bi gauzek dute alderdi ona: bakarrik jota, erabaki guztiak zuk hartzen dituzu, onerako eta txarrerako. Baina, beste norbaitekin jotzen duzunean edo norbaiti laguntzen, egokitzapen lan handia egin behar da. Beste pertsonaren ikuspegira moldatu behar duzu, baina horrek badu alderdi polit bat, badagoelako hartu-emana, amore ematea...

Bietarik zer nahiago duzu?

Zaila da esatea.

Musika klasikoa nola ikusten duzu Euskal Herrian?

Beti goaz haize kontra. Gure aldetik joaten garela iruditzen zaigu. Orain hobetu da, Musikene dugulako, eta hor lehenengo lerroko jende oso ona dagoelako eskolak ematen. Gure garaian kanpora joan behar genuen: Parisera, Lausanara...

Lausanan (Suitza) ikasi izanak eman zizun zerbait, dena den?

Noski. Esperientzia oso-oso aberasgarri bat izan zen hori. Asko ikasi nuen pianoari buruz, baita bizitzari buruz ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.