Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Nerea Azurmendi eta Asisko Urmeneta. 'Donostia' liburuaren egileak

«Toki turistikoetan arakatuz gero, asko ikas daiteke hiri bati buruz»

Azurmendik Donostiako ibilbide «monumental» bat osatu du, hirian egiteko bisita proposamena. Urmenetak ilustrazioekin jantzi du lana.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Andoni Imaz -

2019ko urriak 9

Euskal Herriko hiriburuei liburu bana egin die Elkar argitaletxeak, Arian irakurgai mailakatuen bilduman. Zazpi idazlek ibilbide propioa osatu dute hiri batean, ikasmateriala ere baden gida praktiko bat. Nerea Azurmendi kazetariak (Legazpi, Gipuzkoa, 1961) egin du Donostiakoa. Zazpi liburuetan Asisko Urmeneta (Iruñea, 1965) aritu da ilustratzaile, Dom Campistron koloristarekin.

Funtzio asko ditu liburuak. Horietako bat da aurreiritziak atzean utzi eta Donostia ezagutzea. Nola iritsi zineten zuek Donostiara?

NEREA AZURMENDI: Ni Goierriko herri txiki batetik etortzen nintzen, igogailuak ikustera, pentsa. Bisitan etortzen ginen, familiartekoak geneuzkalako, eta aurrerapenak ikusteko: autobusa, igogailuak, bildots disekatu bat, urdaiazpiko ogitarteko txiki batzuk...

ASISKO URMENETA: Gu gutxitan etortzen ginen txikitan. Azpirozko bidea amari ez zitzaion batere gustatzen, eta Elizondon barrena etortzen ginen, Bidasotik. Epopeia bat zen. Geratu zaizkit itsasoa, eta Igeldo, Igeldo parkea. Geroztik ez naiz izan, eta gogoa dut ikustera joateko.

N.A.: Berdin-berdin dago, lasai.

Liburu «monumentala» atera zaizula esan duzu aurkezpenean.

N.A.: Aurreiritziez ari nintzenean, gehiago ari nintzen gaur egungoez. Horregatik, nahita planteatu dut ibilbide nahiko konbentzional eta monumental bat, ikusteko ustez topikoak eta turistikoak diren tokien atzean asko dagoela deskubritzeko. Horien atzean mundu bat dago, historia bat, Donostiaren izaeraren zati bat; akaso ez beti onerako. Uste dut horrek asko esaten duela hiriaren garapenaz eta idiosinkrasiaz. Toki turistikoetan arakatuz gero, asko ikas daiteke hiri bati buruz.

Nolakoa izan da lan prozesua?

N.A.: Oso goiz ederra eman genuen, baina hori izan zen elkarrekin egin genuen bakarra. Nik liburuaren bertsio itinerante labur bat egin nuen; elkarrekin egin genuen ibilbidea, eta bakoitzak bere lana egin du. Nik lehendik ere baneuzkan gauzak idatzita Donostiari buruz. Soldatarik gabeko kazetari autonomo nintzenean, denetarik egiten nuen: gidak, eskuorriak... Alde horretatik, badago zerbait mendekutik, nik eskuorri horietan bakarrik azaldu behar bainuen zer politak ziren gauza arkitektoniko txundigarriak. Orain disfrutatu egin dut.

A.U.: Plazera izan da, egiazki. Gure itzulia egin genuen, eta argazki batzuk hartu genituen. Nereak aipatu izan zuen: «Txoko hau oso ederra da; ez du Donostia ematen».

N.A.: Ni Parte Zaharrean, esate baterako, ez naiz sartzen. Fermin Calbeton ez dut zapaltzen, Konstituzio plaza ez dut zapaltzen; beti nabil Elbira Zipitria, Kanpandegi kalea eta inguru horretan. Horrek ez du Donostia ematen. Atzo ez zegoen inor, eta ingurua, berriz, jendez beteta zegoen. Nire beldurra da hori jendez betetzea.

A.U.: Liburuarena izango da errua!

Zein izan da lanik zailena?

N.A.: Aukeratzea. Ezin duzu dena egin, eta misterioa utzi behar duzu: «Zubi hori gurutzatu, eta beste Donostia bat aurkituko duzu». Gainera, behar duzu Donostia erakutsi, euskara jakin batean egin; hortik ariketak aterako dira... Gauza mordoa eskatzen zaio liburu mehetxo bati. Asiskok zazpi egin ditu, gainera!

A.U.: Azken batean, horrelako liburu bat egitea gauza batzuen artean aukeratzea da. Guretzat ere bai: testutik zer ilustrazio aukeratu, gero marraztu, koloreak... Ateratzen ahal ziren zortzi mila liburu, bakoitzak aukera bat egin dugulako.

Zer moduz Campistronekin?

A.U.: Dom Campistron Aldudekoa da [Nafarroa Beherea]. Beti arte ederretan ibili da, ikasketak egin ditu Parisen eta Glasgown [Eskozia], eta erabaki du berriz Euskal Herrian bizitzea. Jarri da bere tailer txikian, Alduden, eta hortik ari da topera. Lanean oso erraz aritu gara. Izanen da norbait ilustrazio munduan.

N.A.: Denbora pasatutakoan, esango dugu: liburu hau aurkeztu zenean, Domek bere lehen lana egin zuen, Asiskori Euskadi saria eman zioten... Niri loteria tokatuko zait, edo erretiro eskaintza egingo didate, bietako bat.

A.U.: Edo biak!

Zer da liburuaren aurkezpenean goraipatu duzuen «erudizio aldeanoa». Zer da hori?

A.U.: Erudizioa, nire ustez, asko jakitea da, eta elementu asko ezartzea mahai gainean; eta aldeanoak dira banaz besteko irakurle arruntari interesatuko zaizkion gauzak. Erudizio elitista izaten ahal da beste zerbait, baina erudizio aldeanoa dibulgazioa da. Dibulgazioa eta bulgarizazioa erro beretik heldu dira: bulgoa, herri xeheari ematea elementuak. Nora Arbelbidek esan duena oso polita da: lehendabiziko aldiz, ez dugu turistentzako liburuetara jo behar gure buruaz jakiteko. Hau gida praktiko bat da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Ramon Olasagasti. ©Irati Saizar Artola - Gipuzkoako Hitza

«Idaztearekin zerikusia duen lanbide bat nahi nuen, garbi nuen»

Irati Saizar Artola - Gipuzkoako Hitza

Lanbide ezberdinetan arituagatik, mendia eta natura beti izan ditu gertu Olasagastik; kazetaritza lanetan, itzulpengintzan zein sortze lanean, mendia izan baitu gehienetan oinarrian. Mendiaren inguruan dabil orain ere, komiki bat idazten.

Mikel Zumeta Donostiako Zinemaldiko BERRIAko kritikarietako bat, atzo, Maria Cristina hotelean. ©JON URBE / FOKU

Allenen hiria, ohiko Donostia

Urtzi Urkizu

Donostiako turismo bulegoak ibilbide bat prestatu du Woody Allenen 'Rifkin's festival' filmeko eszenetako tokietan oinarrituta. Bide osoa oinez edo bizikletaz egin daiteke.
 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Pasioari esker heldu naiz nagoen lekuraino»

Olatz Enzunza Mallona

Aspalditik ari da dantzan Krego, 12 urterekin hasi baitzen dantzatzen. Egun, Euskal Herriko dantzaririk beteranoenetako bat da, eta oraindik ere ez du erretiroa hartzeko asmorik. Dantzaren mundua oraindik «ezezaguna» dela azpimarratu du.
Ameriketako Estatu Batuetan, Spotifyk aurrea hartu dio Apple konpainiari podcasten entzuletan. ©RITCHIE B. TONGO / EFE

'Premium' entzuleen bila

Urtzi Urkizu

Apple eta Spotify konpainiek atea zabaldu diete podcasten ordainpeko harpidetzei. Sortzaileek dirua irabaziko dute. Tania Arriaga irakasleak uste du ereduak ez duela balio euskararentzat.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Andoni Imaz

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna