ATZEKOZ AURRERA. Iñigo Astiz eta Mikel Aierbe. Idazlea eta literatura irakaslea

«Poema ikuskizun bihurtzeko prozesua XXI. mendekoa izan da»

'Högeitavåt' poesia emanaldia sortu dute Astizek eta Aierbek, idazlearen 'Analfabetoa' liburuko poema batean oinarrituta. Haiek diotenez, ikuskizuna ez da irakurraldi bat, ezta performance bat ere.
JUANAN RUIZ / FOKU

Zihara Jainaga Larrinaga -

2019ko azaroak 7
Analfabetoa poesia liburua argitaratu zuen joan den maiatzean Iñigo Astiz idazle eta BERRIAko kazetariak (Iruñea, 1985). Liburu horretako azken poema —hamazazpi orrialdez osatutakoa— oinarri hartuta, Mikel Aierbe literatura irakasle eta kritikariarekin batera (Azpeitia, Gipuzkoa, 1980), Högeitavåt poesia emanaldia sortu dute. «Soineko eszeniko batekin egindako emanaldia». Bigarren aldiz batu dira oholtzan, aurrez Hondakindegia ikuskizuna egin baitzuten. Bihar Donostiako Ernest Lluch kultur aretoan egingo dute emanaldia, 20:00etan.

Ikuskizunean, Astiz poema irakurtzen ari da, eta Aierbe atzean ageri da gauzak egiten. Zertan ari da?

MIKEL AIERBE: Egiten ditudan gauzak poemako elementuetatik abiatutakoak dira. Kasu honetan, poemak testua emateaz gain, bertan dauden elementuekin jolasteko testuingurua ere ematen digu. Poematik gehiegi atera gabe, bertako elementuei beste erabilera bat ematen diegu.

IÑIGO ASTIZ: Ekintza oso tontoak dira, oso errazak egitekoak, baina eszenikoki landuak eta esanahi bat dutenak.

Diozuenez, ez da poema irakurraldi soil bat. Zergatik?

I.A.: Poema irakurketa jantzi bat da. Soinekodun irakurketa bat.

M.A.: Esan daiteke performance ukituak dituela. Hala ere, arte munduko gauzen zaleak gara, baina ez dugu formakuntzarik, eta erreparoa ematen digu performance bat dela esateak. Alor horretan lan egiten duen jendea dago, eta gu sarkin batzuk gara.

Nolakoa izan da sorkuntza prozesua?

I.A.: Hogeitabat poema Högeitavat ikuskizuna bihurtzeko prozesua nahiko XXI. mendekoa izan da.

M.A.: Oso azkarra izan da prozesua: batetik, elementu gutxi genituelako baliatzeko; eta, bestetik, guk ere eskarmentua bagenuelako aurreko emanalditik. Asko lagundu digu poema bakar bat izateak ere. Azken finean, poemaren batasunak emanaldiari ere batasun bat ematen dio. Entseguetan eta arte eszenikoen kontuetan, Joseba Lazkanoren laguntza izan dugu.

Poesia jendearengana gerturatzeko ahalegin bat da?

M.A.: Poesia hilda ez badago ere, hilzorian dago. Literatura bizitzeko modu asko daude, bat izan daiteke norbera bakarrik liburuarekin, eta beste bat da halako emanaldietan sortzen diren sentsazioekin. Neurri batean hori bilatu nahi izan dugu. Iñigoren poesiak mugimenduarekin eta pentsamenduarekin lotuak daude, eta horrek ere laguntzen du poemari beste toke bat ematen zuzenekoan. Bi gauza desberdin dira Högeitavåt zuzenekoa eta norberak etxean irakurtzen duena.

I.A.: Ideia da espektakulua poematik sortzea, dekorazioa albo batera uztea. Ez gara polit egitera joan. Benetan uste dugu poema horren barruan badagoela potentzialki emanaldi eszeniko bat.

Sorkuntza prozesuan autokritikari tokia egin diozue?

M.A.: Kasu honetan, poema bakar bat eszenara eramateko, mugatuago ikusi dut sorkuntza prozesua. Horregatik, hasieratik ez nuen oso garbi ikusten Högeitavåt taularatzeko asmoa. Poemak bazeukan bere indarra, eta inoiz ez dugu poema zuzenean ilustratu nahi izan. Autokritika izan dut, eroso ez nengoen gauzetan arreta ez jartzeko, eta arriskuak hartu ditugu.

Poemako lerroak eta oholtzako ekintzak bat datoz?

I.A.: Eszenan egiten dugun dena doa batuta, dena da kontzeptu beraren bueltakoa, baina espektakuluaren oinarria poemaren irakurketa da. Mikelek egiten dituen gauzak gabe, poema irakurketa oso luze, nekagarri eta ziur aski ulertezin bat ateratzen da. Mikelekin, poema emanaldi eszeniko bat gelditzen da, eszenan zentzua daukana. Ni gabe, aldiz, Mikelen ekintzek eguneroko bizitzan izango lukete zentzua. Egiten dituen ekintzak oso soilak, xaloak eta egunerokoak dira.

Eszenako elementuen aukeraketak zergati bat du?

I.A.: Eszenako objektuak aingura moduko batzuk dira, poema mantentzen laguntzen digutenak. Poesia idaztean, nire joera da oso eskuragarri dauden gauzen bidez hain eskuragarri ez daudenetara jotzea. Emanaldian ere hori lortu nahi izan dugu. Publikoari erakutsi diogu eskuetan hartzen dugunaren atzean badagoela zerbait eskuraezina dena. Saiatu gara gauza umiletatik errealitatearen konplexutasuna ahalik eta gehien ikusarazten.

M.A.: Eszenan, XXI. mendeko biztanleontzako oso ezagunak diren objektuak daude. Saiatzen gara poesia emanaldian objektu horiei bestelako balio bat eransten, eta nolabait objektuaren tinkotasun horretatik abstrakziorako bidetxo bat egiten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Zihara Jainaga Larrinaga

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna