ATZEKOZ AURRERA. Jorge Lemus. Hizkuntzalaria

«Nahuat pipilaren berezko hiztunak ez dira ehunera ailegatzen»

Nahuat pipil hizkuntza biziberritzeko lanean murgilduta dago Lemus. Urteetan baztertuta egon den indigenen hizkuntza eskolara zabaltzea lortu du, eta 500 haur baino gehiago igaro dira dagoeneko bertatik.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Iruñea
2019ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
1985. urtean hurbildu zen lehenengoz Jorge Lemus hizkuntzalaria (Santa Ana, Salvador, 1961) nahuat pipil hizkuntzara, doktore tesia egiteko gai bila zebilela. Geroztik, etengabeko harremana izan du bertako indigena komunitatearekin eta hizkuntzarekin. Egun, Cuna Nahuat programa koordinatzen du. Iruñean izan da, proiektua ezagutarazten eta Euskal Herriko murgiltze ereduari buruz ikasten.

Cuna Nahuat programaren nondik norakoak azaltzen izan zara Iruñean. Zertan datza programa?

3 eta 5 urte arteko haur indigenentzako murgiltze eredu bat da. Salvadorreko azken hizkuntza indigena, nahuat pipil, hitz egiten duten komunitatean dago. Cuna Nahuat programan parte hartzen dute haurrek astean bost egunez, eta, egunean lau orduz, pipila hitz egiten duten emakumeez zainduta egoten dira. Emakume horiek maistra rola hartzen dute, eta haurrek hizkuntza ingurune eta modu natural batean ikasten dute.

Haurrentzako programa bat da, baina lehen hezkuntzara zabaldu nahi duzue. Nola doa prozesua?

Irakasgaiak pipil hizkuntzan emateko gai diren irakasle elebidunak behar ditugu. Cuna Nahuateko hezitzaileak historia guztian zehar eskubide guztiak kendu dizkieten emakumeak dira, eta, beraz, ez daukate maila akademikoko inolako titulurik. Hezkuntza publikoan lana egiteko, ordea, titulua behar da. Gainera, pipil hizkuntzan idatzitako eskolarako materiala sortu behar dugu. Horrek guztiak lan eta inbertsio handiak eskatzen ditu.

Zein da gurasoen rola prozesuan?

Gurasoek proiektuan sartzeko beharra sentitzen dute. Horretarako,gurasoen eskola bat sortu dugu.Galdutako belaunaldi hori seme- alaben bidez berreskura dezakegu.

Euskal Herrian egongo zara egun hauetan. Zein da egonaldiaren helburua?

Hemengo esperientziatik ikastera etorri gara. Ikastoletako klandestinitate egoeratik euskararen hezkuntza publikorako urratsaz gehiago jakin dugu, hizkuntza ereduez. Badakigu ez dela egun batetik bertzera egingo dugun zerbait. Hemengo bidea zein den ikusi eta guk hortik zer irakaspen ateratzen ahal dugun ikusi nahi dugu; noski, kontuan hartuta testuinguru erabat ezberdina dela.

Zein da egun pipilaren egoera? Belaunaldiren bat galdu da?

Gaur egun, pipil hizkuntzan mintzatzen diren aitatxi-amatxien belaunaldi bat dugu, baina ez diete ondorengoei hizkuntza transmititu.

Zergatik?

1932. urtean, indigenak gobernuaren kontra altxatu ziren: presidenteak 30.000 indigena baino gehiago hil zituen astebetean, eta hizkuntza guztiz debekatu zuen. Lagun artekoa bihurtu zen, eta transmititzeari utzi zitzaion. Orain dagoen azken belaunaldiak 1950eko hamarkadan jaso zuen pipil hizkuntza.

Zein da egun estatus ofiziala?

Salvadorreko konstituzioko 62. artikuluak erraten du hizkuntza ofiziala gaztelania dela. Eranskin bat gehitu zioten artikuluari, eta bertan agertzen da estatuak lurraldean mintzatzen diren hizkuntzak onartzen dituela eta neurriak hartu behar dituela hizkuntza horiek babestu eta bultzatzeko.

Zenbat hiztun ditu ?

Berezko hiztunak ez dira ehunera ailegatzen, baina neohiztunak, ikasi dutenak, 500 inguru izango dira.

Nolako hizkuntza da nahuat pipil?

Hizkuntza polisintetikoa da. Horrek erran nahi du morfologia anitzeko hizkuntza dela. Hitzak bere artean elkartuz hitz berriak sortu ditzakeen hizkuntza bat da; horrela, hizkuntzaren biziberritze prozesuan hitz berriak sortu ditugu. Hizkuntza erraza da: lau bokal eta hamabi kontsonante ditu. 60 orduko hizkuntza ikastaro batekin komunikatzeko gaitasuna lortzen da, eta 120 ordukoarekin klaseak emateko moduan egon zaitezke.

1985. urtean hasi zinen hizkuntza ikertzen. Zein zen orduko egoera?

200 bat hiztun aurkitu nituen. Pentsa zenbat desagertu ziren eta desagertuko ziren. Interes akademikoagatik hasi nintzen, baina nire interesa aldatuz joan zen.

Zer aldatu zen?

Ikertzaile gisa joatean, ikusten duzu ez dutela jatekorik, etxerik, ur edangarririk... Hainbertzeko beharrak daude, ezen azkenean hizkuntza bigarren mailako auzi bilakatzen baita. Ikuspuntu akademikotik abiatzen zara, baina giza beharrak betetzea beharrezkoagoa da haientzat. Nire mezua beti bera da: komunitate batekin landa lana egiten duzunean, komunitatearengana heldu behar duzu, eta itzuli egin behar diozu ematen dizun guztia. Hori egiten baduzu, haiengana heltzeko aukera gehiago duzu, eta beti agertzen da komunitate barruko jendea proiektua sustatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.