ATZEKOZ AURRERA. Piko Zulueta. Argazkilaria

«Altxatzen garenetik etenik gabe gabiltza»

Zuluetaren arabera, gizarte modernoa azkarregi doa. Horregatik, moteltasuna islatu nahi izan du bere azken proiektuan. Horretarako, basoan murgildu, eta hura ulertzeko beste modu bat aldarrikatu du.

JUANAN RUIZ / FOKU.
Iñigo Satrustegi.
Gasteiz
2019ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Piko Zulueta (Gasteiz, 1979) argazkilariaren Basoratu erakusketa Gasteizko ARTgia gunean izango da igandera arte. Argazkigintza garaikidea eta Japoniako shinrin yoku-a uztartu ditu bere azken lanean; basora joateko eta hura ulertzeko modu bat azaltzen du shinrin yoku-ak: zentzumen guztien bitartez basoarekin harremanetan jartzea. Gizarte modernoak sustatzen duen bizi estilo «azkarra» salatu nahi izan du Zuluetak; erakusketan adierazi duenez, «moteltasunaren eta haren edertasunaren aldeko alegatu bat» egin du.

Erakusketa prestatzeko, basoratu egin zara. Zer dauka basoak?

Betidanik gustatu izan zait basora eta mendira joatea. Baina azken boladan ohartu naiz bakea, isiltasuna eta lan fotografikoa garatzeko motibazioa aurki dezakedala basoan. Leku berezia da, bakartia, eta han izan dezakedan tempoa ez dut beste inon topatzen.

Zer baso aukeratu duzu?

Ni Gamizen [Araba] bizi naiz, eta inguruko basoak aukeratu ditut. Beste edozein tokitan ere egin nezakeen. Lana gustura egiten duzun toki bat aurkitzean dago gakoa. Nire kasuan, basoa izan da.

Proiektu honetan, argazkia shinrin yoku-arekin uztartu duzu. Zer ekarpen egiten dio zure lanari?

Hain zuzen ere, basoratzearekin dauka zerikusia, baina beste zentzu batean. Shinrin yoku edo baso bainuen kontzeptuarekin basora doanak ez du ariketa fisikoa egin nahi izaten, baizik eta bost zentzumenekin naturarekin kontaktuan egon. Hori da nik egin dudana: basora joan, ibili, lasai betiere, eta entzun ditudanak, sentitu ditudanak eta begiekin ikusi ditudanak bateratu, eta argazki lanean bildu ditut.

Nondik datorkizu Japoniako kulturarekiko zaletasuna?

Behin, irratiko elkarrizketa batean, estudioko mahai gainean, shinrin yoku-ari buruzko liburu bat zegoen. Nik ez nuen ezagutzen; are gehiago, ez naiz batere espirituala, baina liburutegian gaiari buruzko liburuak bilatzea erabaki nuen. Atentzioa eman zidaten ideietako bat hau da: sinesmen horren arabera, naturaren kontaktua onuragarria da osasunerako. Liburu gehiago irakurri, kontzeptuak ulertu, eta ikasi egin nuen. Ideia horrekin zerbait sortzeko motibazioa izan nuen.

Gizartea azkar bizi dela salatu duzu. Hala uste duzu?

Zalantzarik gabe. Altxatzen garenetik, etenik gabe gabiltza: haurrak, autobusa, lanera joan... Batzuetan, etenune bat egin behar dugu, eta nik erabaki nuen basora joango nintzela goizetan.

Egunero joateko ohitura duzu, beraz?

Bai. Proiektuarekin hasi nintzenean bi edo hiru aldiz joaten nintzen astean. Eguraldiak ere baldintzatzen ninduen, noski, argi gehiegi egotekotan ezin nuelako argazkirik egin. Orain, erakusketa dela eta, ez naiz horrenbeste joaten, baina lasai ibiltzen saiatzen naiz, behintzat.

Kamera zaharren pareko bat erabili duzu; handia, geldoa. Zergatik?

Argazkigintza digitala azkarra da. Nik, ordea, kontrakoa behar nuen: tresna motelago bat; beraz, argazki kamera zahar hori erabiltzea erabaki nuen. Gainera, filmarekin egiten ditut argazkiak, zuri-beltzean. Egunean, asko jota hiru edo lau argazki egiten ditut; gainera, argazkiak errebelatu arte ez dakizu nolakoak diren... Uste dut horiek guztiak bat datozela egin nahi nuen lanarekin, islatu nahi nuen moteltasunaren behar horrekin.

Batetik, hogei argazki, eta, bestetik, mosaiko handi bat; horrekin osatu duzu erakusketa. Esanahi berezirik ba al du?

ARTgia gunean jarri behar nuela jakin nuenean, nolakoa izango zen pentsatzen hasi nintzen. Mosaikoa egin nahi nuela argi nuen; nola, ordea, ez. Kasualitatez, ohartu nintzen hiru argazki desberdinek bakarra sortzen zutela, eta hiru horiek 60 zatitan banatu nituen. Bestetik, basoan nintzenean, lurrera eroritako enborrak aurkitu nituen, eta nire argazkientzako marko paregabeak zirela iruditu zitzaidan.

Igandera arte egongo da erakusketa Gasteizen. Beste aretoren bat ba al duzu buruan?

Horretan nabil orain. Proiektua aurkeztu baino ez dut egin; bukatu gabe dago oraindik. Basoan jarri nahiko nuke; izan ere, arte galerietara adituak eta ezagunak baino ez dira joaten. Horrela, behintzat, basora doazenek argazkiak ikusten badituzte eta gustatzen bazaizkie, agian eramango dituzte eurentzat.

Argazkigintzako irakaslea zara. Nolakoak dira datozen argazkilari belaunaldiak?

Oso talde heterogeneoa daukagu arte eta lanbide eskolan: zaleak, gazteak, helduagoak... Artearen ildotik oso gutxik jarraitzen dute, baina argazkigintzak etorkizuna dauka Gasteizen.

Bizi daiteke argazkigintzatik?

Bai, baina, zaila da. Ni irakaslea naizelako, baina argazki asko ez dira saltzen. Ekoizpena, batzuetan, garestiegia da, eta ez du merezi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.