ATZEKOZ AURRERA. Nika Bitxiaxvili. Biolinista

«Patuak erabaki zuen nik biolina jotzea»

Georgiatik Gasteizera joandako biolinista bat da Bitxiaxvili; harritu egin zuen hiriko musika eskaintzak. Zenbait musikarirekin aritzen da, tartean Mikel Urdangarinekin, eta hiletetan ere jotzen du biolina.

JUANAN RUIZ /FOKU.
Iñigo Satrustegi.
Gasteiz
2020ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Nika Bitxiaxvili biolin jotzaileak (Tbilisi, Georgia, 1968) ia hogei urte daramatza Gasteizen. Tbilisiko Orkestra Sinfonikoan aritua da, eta, gaur egun, besteak beste, Mikel Urdangarinekin batera aritzen da. Igandean hasiko da Gasteizko Oihaneder Euskararen etxean Ilunabarrean dantzan zikloa, eta dantzaldietako musikarietako bat da georgiarra.

Musikatik eta musikarako bizi zara. Nondik datorkizu musikarako zaletasuna?

Familiako kide gehienak musikariak izan ditut beti: ama piano irakaslea, osaba-izebak, amona bera ere bai... Ospakizunetan beti bukatzen genuen elkarrekin musika jotzen eta kantatzen. Amak piano eskoletara eraman nahi ninduen, baina nik biolina aukeratu nuen. Egia esan, ez dakit oso ongi zergatik. Patuak erabaki zuen nik biolina jotzea. Ongi joan zait urtehauetan guztietan; herrialde askotan egon naiz nire biolinari esker, eta esan daiteke berak gidatu nauela.

Musika ikasketak bukatu bezain laster Tbilisiko Orkestra Sinfonikoan hasi zinen. Zer ekarpen egin zizun bertan jotzeak?

Orkestra Sinfonikoan jotzeak diziplina handia eskatzen du, eta hortik asko ikasi nuen. Esperientzia asko eta askotarikoak bizi izan nituen. 1993. eta 2001. urteen artean jo nuen, Georgia Sobietar Batasunetik atera berri zegoela. Garai nahasiak ziren, eta asko exijitzen ziguten. Gainera, garai hartan pub irlandar batean ere jotzen nuen, eta batzuetan gogorra zen biak bateratzea: bataren seriotasuna eta bestearen jai giroa... Baina hala ere oso gustura aritu nintzen.

Estilo asko lantzen dituzu: klasikoa, folka... Azkar egokitzen zara?

Ez pentsa hain erraza denik. Ez da egun batetik bestera gertatzen den zerbait; lana eskatzen du hainbat estilo kontrolatzeak eta mantentzeak. Musika irakasle hasten diren askori gertatu izan zaie ahaztu egiten zaiela jotzen, praktikatzeari uzten diotelako; ni, behintzat, saiatu egiten naiz.

Eta zer estilotan sentitzen zara erosoen?

Ez nuke esango estilo jakin batean hobeto sentitzen naizenik. Estilo bakoitzak bere teknikak eta gauzatxoak ditu. Hori da, hain zuzen ere, gustatzen zaidana.

Nola iritsi zinen Gasteiza?

Jende askok Georgiatik Europako beste herrialde batzuetara ihes egin zuen. Nik, besterik gabe, aukera berriak nahi nituen. Madrilera joateko aukera sortu zitzaidan, proiektu interesgarri batean parte hartzeko gonbitarekin. Madrilgoa ez zen atera, eta, Gasteizen lagun batzuk nituenez, hona etorri nintzen. Gasteizen hutsetik hasi nintzen berriz.

Gasteizen musikarekin izan zenuen lehen harremana tabernetako jam session-ak izan ziren, ezta?

Hori da. Asko harritu ninduen Gasteizek, hain hiri txikia izanda, zer-nolako musika eskaintza zuen. Tabernetako giroa asko gustatu zitzaidan: kontzertuak, jam session-ak... Jotzen hasi eta jendea ezagutzen hasi nintzen. Proiektu berriak etortzen ere hasi ziren.

Tartean, Mikel Urdangarinekin jotzeko aukera.

Bai, hala da. Jamsession batean ezagutu nuen, Bingen Mendizabalekin batera. Hainbatetan topo egin genuen gero. Urdangarinek kontzertuetan beti esaten du supermerkatu batean topatu ninduela eta proposatu zidala. Egia da proposamena supermerkatuan egin zidala, baina ordurako elkarrekin arituak ginen, eta ezagunak ginen, noski.

Baina beste artista euskaldunekin ere jotzeko aukera izan duzu. Zerberezitasun du euskal musikak?

Niri inprobisatzea asko gustatzen zait, eta Euskal Herrian hori lantzeko bide asko aurkitu ditut. Hemengo musikak baditu berezitasun batzuk, erritmoan edosoinuetan, esaterako. Kultura aberatsa da euskaldunona, eta mantentzen saiatu behar dugu. Zoritxarrez, nabaritu dut Gasteizen kultur eskaintza nabarmen jaitsi dela azken urteetan.

Hiletetan biolina jotzetik bizi zarela diozu. Ingurune triste batean lan egiteak eraginik ba al du zure egunerokoan?

Zerbaitetarako balio izan badit, bizitzaren eta heriotzaren inguruko errealitateaz jabetzeko izan da. Denok hilko gara, eta nik sarri ikusi behar izaten dut utzi gaituen jendea. Denbora aprobetxatu behar dugula uste dut, egunean eguneko eta unean uneko pentsamoldea izan behar dugula, eta ez hain etorkizunera begirakoa. Aberastu gaitezen egiten ditugun gauza horietatik, eta egin ditzagun gogobetetzen gaituzten gauzak. Orain hiletetan nabil, baina batek daki zer egingo dudan aurrerantzean.

Igandean hasiko da Ilunabarrean dantzan zikloa. Zer gomendio duzu bertaratuko direnentzat?

Tira, ni ez naiz oso abila dantzatzen, baina, lehenago esan dudan bezala, aberasteko eta gozatzeko aukera on bat izan daitekeela uste dut. Polita iruditzen zait dantzaldiaren ideia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.