ATZEKOZ AURRERA. Edu Zelaieta. Irakaslea eta idazlea

«Errekreazio lana da, kreazioa bainoago»

BERRIAko zenbait testutik abiatuta, erakusketa sortu du Edu Zelaietak. Hitzekin «jolastu» da, eta kontestu berria eman die esaldiei. Eneko Ugartek egin du esaldien interpretazio plastikoa.

JUANAN RUIZ / FOKU.
Iñigo Satrustegi.
Gasteiz
2020ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Basque misreadings. BERRIAn gaizki irakurriak erakusketa aurkeztuko dute ostiralean Edu Zelaieta irakasle eta idazleak(Gasteiz, 1973) eta Eneko Ugarte ilustratzaileak. Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean egingo dute inaugurazioa diziplinarteko ekitaldi batekin, eta otsailaren 23ra bitarte bisitatu ahalko da erakusketa.

Basque misreadings izena jarri diozue, baina zer dira horiek?

Definizio linguistikoa erraza da: irakurtzean nahi gabe gertatzen diren gaizki-ulertuak dira. Euskaraz gaizki-ulertu hitza erabiltzen dugu, baina ingelesak zehaztasun handiagoa duenez —nahi gabe hori—, hala jartzea erabaki genuen.

Nola sortu duzue proiektu bat gaizki-ulertu horietatik?

Guk, etxean prentsa jaso, eta irakurri egiten dugu. Orain dela lau bat urte hasi nintzen, nire kabuz. Testuak irakurtzen nituenean, jolasean hasi nintzen, nahita gaizki ulertutako esaldiei testuingurua aldatzen edo trukatzen. Orduan ohartu nintzen bigarren esaldi edo testu puska horrek beste semantika bat hartzen zuela, eta, sarri, jatorrizkoa baino garrantzitsuagoa edo interesgarriagoa zela iruditu zitzaidan. Hasierako asmoa 30 edo 40 bat testurekin liburu ilustratu bat sortzea zen.

Emaitza, ordea, erakusketa bat da.

Liburuarena ez zen atera, eta denboraldi batez geldirik izan nuen proiektua. Hor hasi zen aste honetan aurkeztuko dugunaren bidea egiten. Nik Eneko Ugarterekin lan batzuk egin ditut azken urteetan, eta harremana bagenuen. Nire proiektuaren berri eman nion, eta gustatu zitzaion. Oso libre sentitu da hura ere: tintarekin eta egunkariekin hasi zen; gero, papiroflexia, olioak eta akrilikoak ere landu ditu. Bion artean serie desberdinak sortu ditugu erakusketarako.

BERRIA egunkaria arrazoi jakin batengatik aukeratu al zenuen?

Etxean agerkari desberdinak jasotzen ditugu, eta, hasieran, jolas modura hasi nintzenean, ez ziren soilik BERRIAko albisteetatik ateratako esaldiak. Gero, proiektuari forma ematen hasi nintzenean, erabaki nuen agerkari bakarrean zentratu behar nuela. Eta zergatik aukeratu nuen BERRIA? Tira, euskarazko prentsaren artean, Euskal Herri osoko ikuspegia duen egunkari bakarra delako: eguneroko testuak, Euskal Herri osokoak eta euskarazkoak nahi nituen. Esan daiteke apustu politiko bat izan zela.

Ostiralean egingo duzue aurkezpen ekitaldia, eta diziplina arteko emanaldia iragarri duzue.

Hori da, Enekok eta biok sortu dugun erakusketaz gain, momentuan bertan beste pieza batzuk sortuko ditugu, eta musika eta dramatizazioa ere izango dira. Beñat Goitia musikaria eta Ane Gebara ipuin kontalaria gonbidatu ditugu horretarako. Kultura kolektibizatzearen aldekoa naiz; gero eta gehiago, gainera. Gauzak partekatzea gustatzen zait; batez ere, kulturari dagokionez. Uste dut proiektuaren emaitza eta prozesua bera aberasten dituela. Elkarrengandik ikasteko balio du, eta egiten dugunarekin gusturago sentitzeko ere; eta hori oso garrantzitsua da artistentzat.

Emanaldiko artista guztiak Gasteizkoak zarete. Kasualitatea al da?

Ez, hor ere apustu bat dago. Azkenaldian parametro arabarragoetan nabil. Nire azken liburua Arabarekin oso lotuta dago, adibidez. Eta erakusketa bera Gasteizen jartzeak eta Ane eta Beñat artista gasteiztarrekin egiteak badu bere garrantzia. Artista arabarrak, adiskideak, baina ez adinkideak. Zaila izaten da horrelakoak egitea, baina interesgarriago egingo dute erakusketaren aurkezpena. Jende askok uste du nafarra naizela, Bortziriekin harremana dudalako. Harritu egiten dira arabarra naizela esaten dudanean, puntuak galduko banitu bezala. Lehenago, agian, konplexua nuen horrekin, baina kontu horiek jada nazkatu naute.

Poesia eta haur literatura lantzen dituzu zuk. Erakusketakoa zeri gerturatzen zaio gehiago?

Nire egunerokotasuneko obsesioak bildu ditut esaldi hauetan, eta zaila da testu ez-poetiko bati zentzu literario hori ematea. Agian, nire begirada literarioak ere lagundu du horiek deformatzen. Alde horretatik, poesiara gerturatzen da. Gainera, esaldi laburrak izanik, sintesi horrek ere poesiara gerturatzen du. Esaldi horiek ez dira nireak. Errekreazio lana da, kreazioa bainoago. Hitzaren bi adieretan, gainera: errekreazio ludikoarena, eta jada egina dagoenaren gaineko kreazio bat.

Otsailaren 23ra bitarte Gasteizen egongo da erakusketa. Eta gero?

Oraingoz, Gasteizen zentratu gara. Instalazioa bukatzen aritu gara, eta, orain, erakusketaz gozatzea tokatzen zaigu. Hala ere, noski, hemen hasitakoa Euskal Herriko beste txokoetan jarraipena izatea gustatuko litzaiguke. Gainera, formatua ere eraman nahiko genuke: lehenik, aurkezpena, diziplinarteko

emanaldi batekin, eta gero, erakusketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.