Noiz sortua: 2020-03-26 00:30:00

TXAPELA BURUAN. Ane Villanueva. Australian bizi den iruindarra

«Zaila da Australiako ingelesa ulertzea»

Ingelesa ikastea helburu, Australiara joan zen Villanueva. Aise aritzen da orain ingelesez. Ez zuen espero lan duina topatzerik, eta are gutxiago bere alorrean aritzea. Irakasle dabil eskola batean.
ANE VILLANUEVA Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Satrustegi -

2020ko martxoak 26
Irakasle ikasketak bukatu berri, irailean, Nafarroako hiriburua atzean utzi, eta antipodetara joatea erabaki zuen Ane Villanuevak (Iruñea, 1997). Sei hilabete daramatza Australia ekialdean dagoen Brisbane hirian. Ingelesa ikasten ari da, eta lana ere topatu du.

Zer dela-eta erabaki zenuen atzerrira joatea?

Nik Lehen Hezkuntzako ikasketak egin nituen, eta, irakasle aritzeko, beharrezkoa da ingeleseko C1 mailako titulua izatea. Aspalditik nuen ideia hori buruan, eta, egia esan, nire ingeles maila nahiko kaxkarra zen. Banekien Euskal Herrian baino hobeto ikasiko nuela kanpora joanda. Beraz, Australiara etortzea erabaki nuen.

Eta zergatik Australia? Ez al da urrunegi?

Bada, bai; oso urruti dago. Baina hainbat faktore hartu nituen kontuan: batetik, bizi kalitatea eta bizitzaren prezioa; eta, bestetik, eguraldia. Ingalaterra eta Irlanda begiratzen hasi nintzen, eta hegaldiak merkeagoak ziren arren, luzera gehiago merezi zuen Australiara etortzea. Gainera, hemen eguraldia askoz hobea da. Hemen ez du egunero euririk egiten, Londresen bezala.

Hobetuko zenuen honezkero ingelesa, ezta?

Bai, orain ez daukat beldurrik hitz egiteko eta galdetzeko. Gai naiz ia dena ulertzeko. Zaila da Australiako ingelesa ulertzea. Andaluziako gaztelerarekin alderatuko nuke, dena laburtzeko joera baitute. Eskolan Erresuma Batukoa edota Estatu Batuetakoa entzutera ohituta gaude; horregatik, hasieran kostatu egin zitzaidan.

Nolakoak dira australiarrak?

Oso jende bitxia dela esan daiteke. Denetik topatzen duzu, toki guztietan bezala, noski. Baina pertsonaje asko daude hemen: kaletik kantatzen dabiltzanak, asteburuetan arrazoirik gabe mozorrotzen direnak... Oso parrandazaleak ere badira. Laguntza eskatuz gero, batzuek ez dute ahaleginik egiten zu ulertzeko, baina, orokorrean, laguntzeko prest daude.

Betetzen al dira australiarren inguruko estereotipoak?

Gu ez gara kostaldean bizi, eta, beraz, surflariaren estereotipo horretatik gutxi ikusi dugu. Brisbane oso hiri plurala da, Asiako herrialdeetako biztanle asko ditu: japoniarrak, korearrak...

Eta euskaldunik topatu al duzu?

Oso gutxi, egia esan. Pare bat baino ez ditut ezagutu, eta, gainera, ez dut harreman handirik egin. Nahiago dut hemengo eta beste kulturetako jendea ezagutu. Euskaldunak ezagutzeko beti izango dut denbora Iruñera bueltatzen naizenean.

Nolakoa da bizimodua han?

Gurearekin alderatuta, oso bestelakoa da. Adibidez, guk egunero prestatzen dugu bazkaria, etxean jateko edo lanera eramateko. Hemen, ez dute ohitura hori. Supermerkatuan zerbait erosi, edota jatetxeetara joaten dira, baita aste barruan ere. Bizi maila altuarekin lotuko nuke hori, hemen soldatak Euskal Herrian baino altuagoak direlako. Bestalde, asko gustatzen zait hemengo ordutegia. Eguerdian bazkaltzen dugu, eta afaldu, arratsaldeko seiak aldera. Ahalko banu, Euskal Herrira bueltatzean hori egingo nuke, baina badakit zaila izango dela.

Zer da han egin duzun gauzarik harrigarriena?

Inoiz ikusi gabeko animaliak ikusi ditut: baleak, kanguruak, koalak... Surf egiten ere ausartu naiz. Baina gauza guztien gainetik, lan duina topatzea izan da harrigarriena. Ez nuen espero irakasle aritu nintekeenik.

Nola bizi duzue COVID-19aren egoera handik?

Iruñeko egoerari dagokionez, lasai nago. Gertukoak ongi daude. Baina zabaldu den histeriak ez du laguntzen, eta batzuetan ez dakit zenbaterainokoa den egoeraren larritasuna.

Eta Australian bertan?

Hemen, egoera berezia izan da. Lehen kasua urtarrilean topatu zuten, eta orain arte ez zaio garrantzi handirik eman. Orain, eskolak eta tabernak ixten hasi dira. Ez dute konfinamendurik ezarri, baina jendea etxean gelditzen ari da. Gure ingeleseko eskolak, adibidez, Internet bidez egingo ditugu datorren astetik aurrera. Ez dakit zer neurri hartuko dituzten, baina kezkaz begiratzen diot honi guztiari.

Noiz duzu bueltatzeko asmoa?

Dena ongi bidean, irail eta urri bitartean. Irailean bukatzen zait bisa, eta asmoa da gero Zeelanda Berrira joatea. Baina koronabirusaren egoerarekin, ez dakit zer gertatuko den. Gainera, gustura nabil lanean, eta bisa luzatzen saiatuko naiz.

Herriminik ba al duzu Euskal Herriaren antipodetan?

Bai noski. Batez ere gure parranden falta sumatzen dut. Hemen ez da jai herrikoien giroaren antzekorik. Beste parranda eredu bat dute, eta kasik ez dira dantzatzen. Bestalde, Iruñea bereziki euskalduna ez den arren, euskara entzutearen falta ere sumatzen dut.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Apirilaren 4an eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 11.184 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 650 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 3.409 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Osasungintzako langileak txaloka, Nafarroako Ospitalean, Iruñean. / ©Idoia Zabaleta, Foku

Datozen orduetan iritsiko dira Nafarroara Turkian atxiki zituzten arnasgailuak

Berria

10:00etan hasi dute Maria Txibite Nafarroako lehendakariak eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzakoak azken igandeetan, Espainiako beste autonomia erkidegoetako presidenteekin batera, Pedro Sanchezekin egin ohi duten bilera.

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

Etxea ikasgela

Garikoitz Goikoetxea

Itxialdiak hankaz gora jarri du irakaskuntza: etxean ari dira ikasleak, irakasleak eta gurasoak. Pantaila edo telefono bidezkoa da irakasle-ikasleen arteko erlazio bakarra. Hezkuntzaren erronkak ageri-agerian geratu dira egunotan: adibidez, desberdintasun sozialak orekatu beharra. Etxealdian arriskuan egongo da hori.

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iñigo Satrustegi

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna