TXAPELA BURUAN... Kiera Henderson. Irlandan bizi den arrietarra

«Jendearen fede onak bihotza berotzen dit»

Nazioarteari begira jarri da Henderson nazioartetik, nahiz eta Irlanda bere nazioa ere baden. Aroa bezala: bihotza berotzen zaio, etxetik urrun bakardadeak izpiritua karroindatzen dion gisa berean.

BERRIA.
Ainize Madariaga
2020ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Kiera Hendersonek (Arrieta, Bizkaia, 2001) Irlanda odolean badarama ere, lehen aldia du egunerokoan eta bakarrik bizi dela, ikasle gisa. Munduaren mugimenduei so da.

Askazien lurrak deitu zintuen?

Betidanik jakin izan dut unibertsitatea atzerrian egin gure nuela. Aita Belfast ingurukoa izanda, Ipar Irlanda aukera deigarria izan zen. Esan behar dut beste unibertsitateek ni ez onartzeak asko baldintzatu zuela azken aukera hori. Zorionez, bakoitzaren patuan fede handia daukat.

Zer gisa egokitzapena?

Egia esan, lehenengo bider bakarrik bizitzeko gogo handiagaz joan nitzen. Halandabe, parrandan hilabete pasatuta, momentu beltz nahiko pasatu nituen buruko osasunari dagokionez. Bakardade handia: izen berri asko, baina lagunik ez. Unibertsitatera zoazenean, batez ere atzerrian, inork ez dizu abisatzen lagun minak egiteak denbora daramala.

Zerk zaitu harritu?

Alkohola edateko kulturak nahiko txokatu nau. Esan beharra daukat etxetik abisatu zidatela etorri baino lehenago. Halandabe, ez nuen espero holako desberdintasunik. Bertan, sozializatzeko jarduera guztiek edatea dakarte.

Zerk atzeman zaitu ustekabean?

Jendearekin berba egiteko erraztasunak eta denarekiko daukaten berotasunak. Adibidez, komunitatea laguntzeko boluntariotzek kristoren arrakasta daukate. Trukean ezer eskatu barik jendeak egiten dituen gauza onek, haien fede onak, bihotza berotzen didate.

Euskal Herrian ez dagoen zer duzu preziatzen?

Astelehenetik domekara egunero parrandan irteteko aukera, azterketa teorikorik ez edukitzea, Belfasteko Unibertsitateak ikasleei mundu mailan ematen dizkien aukerak, hiriko bizitza, jendearen naturaltasuna, elurra...

Gaelikoz elekatzen ikasteko proiekturik baduzu?

Bai! Oraingoz ez dut aukerarik ez astirik eduki, baina gaeliko klaseetan izena ematea hurrengo urterako lehentasunen zerrendan daukat.

Ume begiez ikusten zenuen Irlanda hori, orain, heldu gisa eta egunerokoan, zertan aldatu zaizu?

Txikitan hemen Gabonak pasatzen genituen, inguru desberdin bat zen, duda barik. Beste leku batera etorri naizela dirudi. Familia girorik ez, irlandar ikasleak baino asiar ikasle gehiago eta hamaika jai gauero. Bi giro ezberdin, baina biek daukate txokotxo bat nire bihotzean.

Euskal Herriaz zeneukan ikuspegia aldatu zaizu han zaudenetik?

Bai, dudarik gabe. Lehenengo aldia da hiri batean bizi naizela, eta horrek herriko poteoak eta giro ona preziatzen asko laguntzen du: kalera irten eta gehienak ezagutzea. Esker oneko sentiarazten nau beti itzuli ahalko naizen herritxo bat edukitzeak Euskal Herrian.

Zer sentitzen duzu faltan?

Gehienbat, hurbileko jendea: etxeko lagun minak, familia... Bestalde, animaliak nire bizitzan ez edukitzea aurreikusi ez nuen zeozer zen, eta asko nabaritu dut haien falta. Kalimotxoarena ere bai. Edarien prezio desberdintasuna ere deigarria zait.

Nola bizi duzu brexit-a? Zer ekarri dio Irlanda zatikatuari?

Brexit-a ez dut asko bizi izan, nahiz eta etxean telebista daukan pertsona batek segur aski kontrakoa esan. Gehienbat klasean bizi izan dut, Nazioarteko Harremanak ikasiz, gai oso interesgarria delako. Argi dago Ipar Irlandan gehiengoa brexit-aren kontra dagoela, eta kezka izan dela gehien sumatu den sentimendua, hain hurbil dagoen Irlandako Errepublikaren mugari dagokionez batez ere. Irlanda batu baten eztabaidak bere ugaritu dira.

Koronabirusak non eta nola harrapatu zaitu?

Erresuma Batuko Gobernuak ez dituenez Espainiako eta Frantziako gobernuak bezain neurri zorrotzak hartu, kalean ez zen desberdintasun asko nabari. Halandabe, Euskal Herriko egoera ikusita, korriketan etxerako hegalaldi bat hartu nuen. Momentuan ez nekien bi egun geroago mugak itxiko zituztela. Atzera begiratuz, Euskal Herrira bueltatzea aukera oso ona izan zen. Belfasten Erasmusen dabiltzan ikasle asko bertan geratu dira, etxera bueltatu ezinik eta klase barik.

Preseski, zure ikasketei begira, egoerak badu eraginik nazioartean ere: Errusia eta Turkiaren arteko su-etena Sirian, adibidez.

Sinetsezina dirudien arren, diote helburua dela bertako jendearen sufrimendua arintzea. Badirudi gerra deshumano batean, paradoxikoki, oraindik ere badaudela arrazoi humanoek bultzatutako erabakiak. Argi dago koronabirusak ere elkartasun handia zabaldu duela munduan. Agian, Mendebaldeko herrialdeok ere pairatzen dugun arazo bat denez, enpatiarako gaitasun handiagoa ahalbidetu digulako. Berrogeialdia amaitzean, espero dut jendeak errefuxiatuei ere elkartasuna balkoietan txaloen bidez erakustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.