TXAPELA BURUAN. Ane Etxeberria. Herbehereetan bizi den tolosarra

«Herbehereetan lan aukera handia dago hezkuntzaren arloan»

Irakasle gradua amaitu, eta praktikak egitera joan zen Ane Etxeberria Herbehereetara. Gerora, lana aurkitu, eta han gelditu da. Gustura dago, eta hezkuntza sistema «desberdina» dela azaldu du.

BERRIA.
Nagore Arin.
2020ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Ane Etxeberria irakasleak (Tolosa, Gipuzkoa, 1996) urte bat baino gehiago darama Herbehereetan bizitzen. Irakasle ikasketetako gradua ikasi zuen, eta praktika batzuk egiteko asmoz joan zen. Egonaldia amaitu baino lehen, ordea, lan eskaintza bat izan zuen; geroztik, han jarraitzen du lanean.

Zer dela eta joan zinen?

Nafarroako Unibertsitate Publikoak nazioartean praktikak egin ahal izateko eskaintza bat zabaldu zuen. Ni master bat egiten ari nintzen Mondragon Unibertsitatean, baina izena eman nuen. Gradu bakoitza kontuan hartuta, herrialde askozeuden aukeren artean, tartean Utrech, orain nire bizileku dena.

Zuk hautatu zenuen nora joan?

Hiru hiri zeuden irakasletzarekin lotuta, eta nik hiru aukeretan eman nuen izena: Bratislava, Paris eta Utrech. Hiruetan hartu ninduten, baina nik Herbehereetara etortzea erabaki nuen, hemengo hezkuntza sistema nahiko desberdina zela esan zidatelako. Montessori izena duen pedagogia batean oinarrituta dago, eta niri asko interesatzen zait pedagogia hori.

Zerk harritu zaitu gehien?

Hemengo bizimoduak harritu nau gehien; egunerokoa erabat desberdina da. Tolosan, adibidez, beste erritmo bat neraman. Hemen, ordea, arratsaldeko bostetan etxera joateko ordua da; jendea etxekoia da. Janari aldetik ere harrigarria da; ez dago kultura gastronomikorik.

Praktikak egitera joan eta han geratu zinen...

Lehen sei hilabeteetan Cervantes Institutuan egon nintzen lanean, baina gero hemen gelditzea erabaki nuen: lan eskaintza bat jaso nuen irakasle gisa, eta onartu egin nuen. Lan aukera handia dago, bereziki, hezkuntzaren arloan. Ikastetxeak ixten ari dira, hain justu, irakaslerik ez dagoelako. Aukera polita iruditu zitzaidan.

Zertan zabiltza orain?

Masterra bukatzen ari naiz; online denez, hemendik ere egin dezaket. Horrez gain, gaztelania irakasten ari naiz ikastetxe batean, eta, aldi berean, Cervantes Institutuan eta Espainiako enbaxadan ere ematen ditut klaseak.

Hezkuntza sistema desberdina dutela aipatu duzu lehen. Zer dute bereizgarri?

Gustatzen zaizkidan gauza asko ikusi nituen, adibidez, Montessori pedagogiaren bidez ikasle ororen erritmoa errespetatzen dutela. Hala ere, ikusi ditut asko gustatzen ez zaizkidan kontuak ere. Haurrek 12 urte betetzean, gaitasunen arabera bereizten dituzte: hainbat ikasle unibertsitatera joateko bideratuta dauden ikastetxe berezietara joaten dira; beste zenbait maila baxuagoko ikasketa gisa definitzen dituzten graduak ikastera joateko prestatzen dituzte; eta beste batzuk, lanbide heziketa bat ikasteko. Txikitatik daude banatuta, beren etorkizuna erabakita dute. Eraginkorra dela esaten dute hemen, baina ez dakit bide horretan non gelditzen diren balio etikoak...

Zer moduz nederlanderarekin?

Zaila da, baina poliki-poliki bidea egiten ari naiz. Ikastaro batzuetan eman dut izena. Bikotekidea herbeheretarra dut, eta pisukideak ere bai; beraz, praktikatzeko aukera dut. Ikasteko zaila da: alemanaren, ingelesaren eta frantsesaren arteko koktel bat dela esango nuke.

Zergatik hasi zara ikasten?

Integratzeko asmoarekin. Gainera, irakasle izateko jakin egin behar duzu, eta etorkizunari begira ere baliagarria izan daiteke.

Gelditzeko asmoa duzu?

Bai. Irakasle izatea da nire asmoa. Nederlandera ikasi nahiko nuke, eta ikastetxe batean edo hezkuntza erakunde batean lan egin. Hala ere, oraintxe bertan beste lan aukera bat izango banu, adibidez Alemanian, hara joango nintzateke. Argi dudan gauza bat da oraingoz ez naizela Tolosara itzuliko, aukera berriak probatu eta esperientzia berriak bizi nahi ditudalako.

Esperientzia polita izaten ari da?

Aberasgarria da. Hasieran ez duzu lagunik, ez duzu ezagunik, bakarrik zaude. Zaila da, erronka bat da, baina erronka aberasgarria. Ikusten duzu gai zarela jendea ezagutzeko, beste herrialde bat zure etxe bihurtzeko... Familia berri baten pareko zerbait sortzeko.

Euskaldunik topatu duzu?

Egia esan, euskaldun dezente gaude hemen. Sarritan elkartzen gara, eta plan ugari egiten ditugu.

Zer sumatzen duzu faltan?

Familia eta lagunak. Hala ere, hiru hilabetean behin itzultzen naiz etxera. Mendiak eta paisaiak ere sumatzen ditut faltan, eta hondartza ere bai. Natura, orokorrean.

Nola ari zara kudeatzen COVID-19 gaitzaren kontua?

Nahiko ondo, egia esan. Hemen ez da han bezala; kalera irten gaitezke. Kontzientzia zibilaren esku utzi dute nola jokatu erabakitzea. Hala ere, ez dabil inor kalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.